EU  |  ES  |  EN  |  FR  | 

Museotik Historias

Ramón de la Sota y Llano, euskal burgesia industrialaren ordezkari nabarmena

Ramón de la Sota y Llano XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako Bilboko garapen ekonomiko eta kulturalaren eragile nagusietako bat izan zen. Bere etengabeko enpresako ekimenak eta Euskal Herriko industrializazio-prozesuak alternatiba bat eskaini zioten ,1898ko krisiaren ondoren Espainian nagusitu zen ezkortasunari, itsasoz haraindiko kolonien galerak eragindako egoeraren aurrean. Bere jarduerak Bizkaiko industria-hazkundea bultzatu zuen, eta Bilbo ekonomia-, portu- eta merkataritza-gune garrantzitsu bihurtzen lagundu zuen. Mineral-baliabideen ustiapenak, salgaien garraioak eta ontzigintzak enplegua sortzea, azpiegiturak zabaltzea eta euskal ekonomiaren nazioarteko merkatuekiko lotura indartzea ahalbidetu zuten. Horrela, Ramón de la Sotaren ibilbideak euskal burgesia industrialaren modernizazio ekonomikoa sustatzeko izan zuen gaitasuna islatzen du.

Enpresari gisa izan zuen jardueraz gain, De la Sotak dimentsio politiko eta sozial garrantzitsua ere izan zuen. Euskal nazionalismoarekin lotuta egon zen, eta bere garaiko bizitza ekonomikoan zein instituzionalean parte hartu zuen. Horrenbestez, bere figurak agerian uzten du enpresa-interesen, euskal nortasunaren eta Berrezarkuntzaren garaian sortutako proiektu politikoen arteko harremana.

1857an Castro Urdialesen jaio zen, han igarotzen baitzituen neguak bere familiak, nahiz eta jatorriz Muskizko San Julian auzokoa izan. Madrilen Zuzenbidean lizentziatu ondoren, bete-betean murgildu zen enpresa-jardueran: aitari lagundu zion familiaren burdin mineralaren negozioan, eta Martínez Rivas familiaren Somorrostro lurrunontzia administratu zuen. 1881ean, bere lehengusu Eduardo de Aznar y de la Sotarekin elkartu zen eta hainbat burdin meategiren ustiapenari ekin zioten. 1886an Compañía Minera de Setares sortu zuten Kantabrian eta 1893an Compañía Minera de Sierra Alhamilla Almeriako probintzian. Halaber, Teruel eta Guadalajara arteko lurraldeetan zegoen Compañía Minera de Sierra Menera alokatu zuten, eta haren zerbitzurako 200 kilometroko trenbidea eraiki zuten Saguntoraino. Hiri horretan bertan, Ramón de la Sotak Compañía Siderúrgica del Mediterráneo sortu zuen 1917an; geroago, enpresa horrek Altos Hornos de Vizcayak erosi zuen.

La Compañía Naviera Sota y Aznar 1906an sortu zen, Eduardo de Aznar eta Ramón de la Sota lehengusuek 1889 eta 1899 artean eratutako hogeita bost sozietateren bateratzearen ondorioz. Enpresa-eredu horri esker, itsasontzi-flota indartsua eratu ahal izan zen, eta 1950era arte Espainiako ontzi-konpainia nagusia izango zenaren oinarriak ezarri ziren.

1900ean sortu zen Compañía Euskalduna de Construcción y Reparación de Buques, Bilboko itsasadarraren ertzean kokatua. Ramón de la Sotak kooperatiba bat sustatu zuen beste ontzi-jabe batzuekin batera, ontziola guztien artean finantzatzeko. Laster hasi ziren lurrunontzien eraikuntzan. Lehenengoa Portu izan zen, eta haren ondoren beste asko etorri ziren. Horien artean, Artagan Mendi itsasontzia nabarmendu zen; 1917ko ekainaren 9an uretaratu zuten ikusmin handiz, ordura arte Bilboko itsasadarrean eraikitako merkataritza-ontzirik handiena izan baitzen, ia 9.000 tonako karga-ahalmenarekin.

1909ko Itsas Komunikazioen Legeak Espainiako merkataritza-nabigazioaren hazkundea eta ontzigintzaren modernizazioa bultzatu zituen, eta bereziki mesede egin zien Ramón de la Sotari bezalako enpresariei. Nabigaziorako eta ontzigintzarako laguntzek, Lehen Mundu Gerran sortutako merkataritza-aukerak baliatuta, Bilboko flotaren hedapena eta etekin ekonomiko handiak lortzea ahalbidetu zuten.

Aberastasun horrek, ordea, tirabirak eragin zituen. Izan ere, 1916an, Ogasun ministro Santiago Albak gerran lortutako ezohiko irabaziak zergapetzea proposatu zuen. Ekimenak oposizio handia topatu zuen euskal eta kataluniar enpresarien artean, beren interes ekonomikoak arriskuan ikusten baitzituzten. 1917ko urtarrilean, Ramón de la Sota eta Francesc Cambó buru izan ziren Bilbon proiektuaren aurkako hainbat mobilizaziotan, oligarkia ekonomikoaren ordezkari garrantzitsuen babesarekin. Azkenean, enpresarien presioaren aurrean, Romanones kondearen gobernuak proposamena bertan behera utzi behar izan zuen.

Ramon de la Sota funtsezko figura izan zen Bizkaiko ekonomia- eta portu-garapenean. 1881ean Banco de Comercioaren sorrera sustatu zuen, eta lehen presidentea izan zen. Geroago, Banco de Bilbaorekin batu zen. Ondoren, Euskalduna enpresaren kudeaketari buruzko desadostasunengatik eta Banco de Bilbaoren aldetik jasotako tratuarekin ados ez zegoelako erakundearekin harremanak eten zituen, eta bere kapitalak Banco de Vizcayara eraman zituen. Bertan, bere semea Ramón de la Sota y Aburto administrazio-kontseiluko kide izatera iritsi zen.

1889an, Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberaren sorreran parte hartu zuen, eta 1907an biziarteko presidente izendatu zuten. Urtebete geroago, Portuko Lanen Batzordeko jarduneko lehendakari izendatu zuten eta 28 urtez egon zen karguan.

Bere jarduera aseguruen sektorera ere zabaldu zen. 1901ean La Polar konpainia sortu zuen, bere merkataritza-flotaren interesak babesteko asmoz. Gainera, Sotak inbertsio garrantzitsuak egin zituen trenbideen eta industriaren arloan. Compañía de los Ferrocarriles del Norteko akziodun indibidual nagusia izan zen, eta, Mac Mahon markesarekin batera, Compañía Franco Española de Cables y Alambresen Frantziako akzioak erosten parte hartu zuen, konpainiaren kontrola eskuratzeko helburuarekin.

Bere eragina Bilboren eta inguruko udalerrien hiri-eraldaketan ere islatu zen. Hiriko gune esanguratsuetan etxebizitzak eta bulegoak eraikitzea bultzatu zuen, besteak beste, Gran Vían, Jado plazan, eta Ibáñez de Bilbao eta Mazarredo zumarkalearen elkargunean. Bere jabetzarik ezagunenen artean dago Ibaigane jauregia, gaur egun Athletic Cluben egoitza soziala da.

Era berean, Getxon, bere udako egoitza zuen Neguritik hurbil, Ondategi urbanizazioaren garapena sustatu zuen, zerbitzu modernoz hornitutako hogei bat txaletekin.

Ameriketako Estatu Batuetako prentsako handikia William Randolph Hearsten eta euskal ontzi-enpresari eta politikari Ramón de la Sotaren arteko harremana esker oneko istorio bitxi baten inguruan eraiki zen, eta industria-opari historikoarekin amaitu zen: tamaina handiko errotatiba batekin.

Lehen Mundu Gerran, Ramón de la Sotak, Euskal Alderdi Jeltzalearekin (EAJ) estuki lotuta zegoenak, bere ontzidi handiaren zerbitzuak aliatuen esku jarri zituen. Horren ondorioz, Jorge V.a Erresuma Batuko erregeak Britainiar Inperioaren Ordenako Zaldun izendatu zuen (Sir titulua emanez), eta nazioarteko aitortza handia jaso zuen. Aliatuen kausari emandako laguntza eskertzeko, William Randolph Hearstek, Orson Wellesek Citizen Kane (Kane Hiritarra) filma sortzeko inspirazio-iturri izan zen AEBetako prentsa-handikia ospetsuak, 1918an opari berezi bat egin zion De la Sotari: Estatu Batuetako tokiko egunkari batean erabilitako Goss errotatiba bat.

De la Sotak makina hori EAJren esku utzi zuen, eta euskal komunikazioaren historiako pieza giltzarri bihurtu zen. Errotatiba horrekin urte luzez inprimatu ziren Bilbon Euzkadi egunkaria eta Excelsior kirol-egunkaria, 1937ra arte, Gerra Zibilaren erdian. Bilbo erori ondoren eta frankismoak Sota familiaren ondasunen aurka ezarritako errepresioaren ondorioz, makina konfiskatu egin zuten. Urte batzuk geroago, 1965ean, Hierro egunkariak erabiltzen hasi zen, eta 1983ra arte jardunean jarraitu zuen.

Goss errotatiba AEBetako The Goss Printing Press Company enpresak fabrikatu zuen. Konpainia hori 1885ean sortu zen Chicagon, eta denborarekin munduko errotatiba-fabrikatzaile garrantzitsuenetako bat bilakatu zen. Bere modeloek iraultza ekarri zuten industria grafikoan, milaka ale etengabe eta abiadura handian inprimatzea ahalbidetu baitzuten. Gaur egun, Goss errotatiba Euskadiko industria-ondarearen altxorretako bat dela jotzen da. Lutxanan (Barakaldo) kontserbatzen eta erakusten da, La Orconera eraikinean, Eusko Jaurlaritzaren industria-ondare higigarriaren gordailuan.

ESPLORATU BILDUMAK