Pablo Ugartetxeak teknika mistoa erabiliz egindako lana da, argazkilaritza, tinta eta olio-pintura uztartuz. Konposizioak Bilboko hiri-paisaia irudikatzen du: lehen planoan, merkatalontziak ageri dira itsasadarrean, eta atzealdean, New Yorkeko skyline-a gogorarazten duten etxe orratzak nabari dira. Irudiak, testurak eta kolore-orbanak gainjarriz, artistak Bilboko hiri- eta portu-paisaia berrinterpretatzen du, hiriko elementu ezagunak beste metropoli handi batzuetako erreferentziekin uztartuz. Ontziaren tonu ilunen, eraikinen kolore bizien eta atzealdeko gris-tonuen arteko kontrasteek bizitasuna ematen diote konposizioari. Era berean, lausotutako siluetak eta pintzelkada askeek indartu egiten dute obraren izaera iradokitzailea.
Obrak Ugartetxearen berezko adierazpide artistikoa islatzen du. Izan ere, artistak hiri- eta itsas paisaiak berrinterpretatzen ditu, oroimena eta bidaiak abiapuntu hartuta, bere ikuspegi pertsonal eta ironia ukitu batez. Margolanak egilearen sinadura du eskubiko behealdean: Ugartetxea, 2021.
2021. Itsasadar aparta. Bilbao, Itsasmuseum Bilbao. 2021/04/29-2021/06/29.
Egile beraren dohaintza. Artelanak Itsasadarra Handia erakusketan parte hartu zuen eta egileak dohaintzan eskaini zion Itsasmuseumi erakusketa amaitu ondoren.