EU  |  ES  |  EN  |  FR  | 

Museotik Historias

Zientziaren aurrerapenak

XX. mendeak gizateriaren historiako aldaketa esanguratsuenetako asko ekarri zituen. Ordura arte imajinatu ezineko aurrerapen teknologiko eta zientifikoek hainbat asmakizun sortu zituzten, eta horiek erabat aldatu zuten gaur egungo errealitatea ikusteko modua. Espazio-aroaren hasieratik gailu elektroniko ñimiñoak asmatu arte, iragan mendean aztarna ezabaezina utzi duten aurkikuntzen leherketa baten lekuko izan zen.

Hegazkinaren asmakuntzak mugarri bat ezarri zuen gizakiak munduan zehar mugitzeko eta esploratzeko moduan. Askok Wilbur eta Orville Wright anai famatuei egozten diete lehen hegaldia 1903an, baina hegazkingintzak mendeetan zehar hainbat aitzindarik egindako ahaleginetan eta esperimentuetan ditu sustraiak, besteak beste, Leonardo Da Vinci. Horren espiritu kritikoak eta aurrerapen zientifikoari eskainitako dedikazioak asmatzaile eta ekintzaile belaunaldiak inspiratu zituen hainbat alorretan, hala nola Frank Whittle edo Juan de la Cierva, giza sormenerako eta berrikuntzarako mugarik ez dagoela erakutsiz.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, hegazkinen teknologiak jauzi handia eman zuen erreakziorako motoreen asmakuntzarekin. Horiei esker, hegazkinek askoz abiadura handiagoan eta garaiago hegan egin ahal izan zuten, hegaldi komertzialak eta hegaldi militarrak irauliz.

Gaur egungo aurrerapen mediko nagusiak ere posible izan dira berrikuntza teknologikoarekin eta ikerketaren garapenarekin egindako konbinazioari esker. Argi dago gaur egungo medikuntzak aurrerapen eztabaidaezinak dituela: gaixotasun batzuk desagerrarazi dira; lehen sendaezintzat jotzen ziren beste gaixotasun batzuen tratamendua ezartzea lortu da; osasunari eutsi ahal izan zaio eta gaixotasun kronikoak kontrolatu ahal izan dira; eta ehunka mila gizakiren bizi-kalitatea hobetu da.

Gainera, gaixotasun batzuen azterketa sakonagoei esker hobeto ezagutu eta horiei aurrea hartzeko neurriak ezarri ahal izan dira; eta diagnostikorako eta tratamendurako baliabide teknologiko modernoak medikuak duela 50 urte zituenak baino askoz gehiago dira. Horren ondorioz, bizi-itxaropena ere handitu egin da.

1928an, Penicillium chrysogenum onddoan dauden penizilinaren gaitasun antibiotikoak aurkitu zituen Flemingek. Haren aurkikuntzak aurrerapen oso garrantzitsuak ekarri zituen medikuntzan, osasunean eta pertsonen bizi-kalitatean; izan ere, ordura arte, akats mediko txikiena, infekzio bat edo edozein zauri mota arazo izugarri eta zorigaiztoko bihur zitekeen. Aurkikuntza horretatik aurrera, era guztietako antibiotikoak garatu ziren, mota guztietako infekzioak tratatzea lortu zen, eta heriotza-tasak behera egin zuen neurri handi batean.

Wilhelm Röntgen izpi katodikoen (elektroko-korronteak hodi hutsetan) funtzionamendua aztertzen ari zen, ohartu zenean beste material batzuek zeharkatzen zituzten izpiak ere bazeudela, kartoiak, esaterako. Ezezagunak zirenez, X Izpiak izena jarri zien. Gaitasun hori frogatzeko, Röntgenek emaztearen eskua erabili zuen.

Erabilera hedatu egin zen eta laster hasi zen giza ehunetan erabiltzen, nahiz eta ez jakin zer kalte eragiten zuen. Thomas Edison bezalako zientzialariak erradiazioaren antzeko sintomak pairatzen hasi ziren. Aurkikuntza egin eta urtebetera, Europako eta Estatu Batuetako zientzialariek X izpiak erabiltzen zituzten pitzadurak diagnostikatzeko, irentsitako objektuak aurkitzeko eta abar.

XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran elektrizitatea orokortu izanak berebiziko garrantzia izan zuen etxetresna elektrikoen historian. Aurrerapen horri esker, jendearen bizimodua betiko aldatuko zuten aparatu ugari garatu ziren: plantxa elektrikoa, xurgagailua eta hozkailua izan ziren merkatuan sartu ziren lehen etxetresna elektrikoak, etxeko lanak erraztu eta eraginkorragoak egiteko.

XX. mendearen erdialdean aurrerapen teknologikoak ugaritu egin ziren, eta, ondorioz, etxetresna elektriko are berritzaileagoak sartu ziren. Telebista oinarrizko elementua bihurtu zen egongeletan, entretenimendua eta informazioa eskainiz. Garbigailuak eta ontzi-garbigailuak ere agertu ziren, eta denbora eta ahalegin gutxiago behar izan zuten. Mikrouhin-labeak elikagaiak prestatzeko eta berotzeko modua irauli zuen.

Aro digitalean sartzean, etxetresna elektrikoek eboluzionatzen jarraitu zuten teknologia aurreratuaren integrazioarekin, telefono adimendunen edo beste gailu batzuen bidezko urruneko kontrola eta automatizazioa ahalbidetuz, eta erosotasuna hobetzeaz gain, eraginkortasun energetikoari eta jasangarritasunari ere laguntzen diote

Energia nuklearraren inguruko hainbat ikerketa egiten hasi ziren XIX. mendearen amaieratik. Ikerketa horietan historiako zientzialari handienetako batzuek hartu zuten parte (Becquerel edo Marie Curie eta Otto Hahn, besteak beste). 1942an, Manhattan Proiektua deituriko egitasmoaren barruan, munduko lehen erreaktore nuklearra eraiki zen. Proiektu horrekin, ustez kutsatuko ez zuen energia-iturri berri bat bilatzen zen, eraginkorragoa eta ia mugagabea izango zena.

Historiak erakutsi digu hori guztia ez zela egia, eta gure planetak kutsadura eta istripu nuklear ikaragarriak jasan ditu, Txernobyl eta Fukushima esate baterako. Horretaz gain, aurkikuntza horren ondorioz, Nagasaki eta Hiroshima hiriak suntsitu zituen bonba atomikoa ere eraiki zen.

XX. mendera arte, gizakiak, eskura zituen baliabideez baliatuz, espazioaren hainbat alderdi aztertu zituen, zeruak behatu zituen, eta amets egin zuen, egunen batean leku hori ulertzen zuela, hara heltzen zela eta, azkenik, atmosferaren mugak gaindituko zituela.

XX. mendeko aurrerapen zientifiko eta teknologikoekin, amets horiek forma hartzen hasi ziren, eta suziriaren asmakuntzari esker, 1969an gizakiak ilargia zapaldu zuen eta historian lehen aldiz zeru-gorputz batera heltzea lortu zuen. Une horretatik aurrera, milaka ikerketa, satelite eta bidai egin dira espazioari buruzko ezagutzaren mugak zabaltzen jarraitzeko.

Komunikabideen jatorria ahozko komunikazioan dago, eta hori izan zen gizakien artean zegoen bakarra, komunikazioen lehen iraultza handia agertu zen arte: idazketa. Antzinako Erroman edo Erdi Aroan gaur egun kazetaritza denaren aurrekariak aurkitzen baditugu ere, XV. mendean inprentaren sorrera izan zen idatzizko argitalpenak modu masiboan zabaltzea ahalbidetu zuena.

Johannes Gutenbergek inprimategia asmatu zuen 1440an, baina lehen egunkaria 1605 arte ez zuen argitaratu Johann Carolus alemaniarrak.

XIX. mendean, Lumiére anaiek Frantzian zinema sortu zutenean, ikus-entzunezko hedabideak eta masa-komunikazioa sortu ziren. Eta 1896an, Guillermo Marconik irratiaren lehen patentea lortu zuen. 1901ean giza ahotsen lehen transmisioa egin eta irratia sortu zen. 1936an BBCk programaziodun lehen telebista-emisio publikoak egin zituen.

60ko hamarkadaren amaieran, internet agertu zen behar militarrei erantzuna emateko, eta komunikazioen mugak hautsi zituen. Horren ondorioz, gaur egun gizakia etengabe aldatzen ari diren komunikabideen bidez interkonektatutako mundu batean bizi da, eta horri esker, informazio asko eskura daiteke.

Baina hori ez da beti horrela izan: XXI. mendearen hasieran jende gehiena prentsaren edo irratiaren mende zegoen informatzeko. Berehala aldatu da komunikatzeko modua aurrerapen teknologikoek eta gizarte-lehentasunen aldaketek eraginda. Ordenagailuak iritsi zirenean, masekin komunikatzeko modu merkeagoak eta norabide bakarrekoak ireki ziren. Web 2.0k eta sare sozialek komunikatzeko eta informazioa eskuratzeko modua aldatu dute: edonork parte har dezake eta mundu osora iristen den edukia sortu.

Albert Einsteinek XX. mendearen hasieran egindako erlatibitatearen teoriaren garapenak fisika moderno nuklearraren oinarriak ezarri zituen, eta ondoren fisika kuantikoan aurrerapen ugari garatzea ahalbidetu du. Horri esker, besteak beste, planeten orbitak edo zulo beltzak azaldu ahal izan zen. Hain ideia iraultzailea izan zen zaila dela ezagutza zientifikoaren historiako beste edozein teoriarekin alderatzea.

Bestalde, Big Bang teorian garatutako eredu kosmikoaren planteamenduari esker, gizateriak oinarri sendoko eta zientzietatik abiatuta kreazionismoaren antzinako eredutik libratu ahal izan zuen behingoz. Gaur egun teoria ikertzen jarraitzen da eta horren adibide garbia partikulen azeleragailuaren garapen esperimentala da.

ESPLORATU BILDUMAK

<

Aviones y Helicópteros

Arabako Fournier Karta Museoa

Savoia Marchetti "Pipistrelli" hegazkinaren maketa

Durangoko Arte eta Historia Museoa