EU  |  ES  |  EN  |  FR  | 

Museotik Historias

Josturak eta puntadak: josteko makinaren agerpena

Jostea gizakiaren jarduerarik zaharrenetako bat da, eta, aldi berean, historian zehar gizarteek izan duten bilakaera hobekien islatzen duen jardueretako bat. Hasieran hotzetik eta eguraldi txarretik babesteko oinarrizko premia gisa sortu bazen ere, denboraren poderioz, sormenaren, kultura-identitatearen eta gizarte-prestigioaren adierazpide izan zen. Gaur egun ere bere garrantziari eusten dio, eta funtsezko zeregina betetzen jarraitzen du bai industrian, bai eguneroko bizitzan.

Josturaren jatorria Historiaurrean dago. Garai hartan, lehen giza taldeak larruak eta bestelako materialak elkartzen hasi ziren jantziak egiteko hotzetik babesteko nahian. Funtzio praktikoa izateaz gain, lehen sorkuntza haiek komunitate bateko kide izatea adierazteko ere balio zuten. Diseinuak, apaingarriak eta teknikak talde batetik bestera aldatzen ziren, eta haien bizimodua, sinesmenak eta ingurune bakoitzean eskura zituzten baliabideak islatzen zituzten.

Mendeek aurrera egin ahala, jantzigintzako teknikak gero eta landuagoak ziren. Antzinako Egipton lihozko ehunak ziren nagusi; antzinako Grezian eta Erroman, berriz, ohikoa zen gorputzaren inguruan bildutako eta fibulez lotutako oihalak erabiltzea. Hala ere, pixkanaka gorputzera gehiago egokitzen ziren jantziak egiten hasi ziren. Asian, josturak garapen handia izan zuen zetaren erabiltzeari esker; luxuari eta botereari lotutako ehuna zen hura. Erdi Aroan artisauen gremioak sortu ziren, eta horrek jostea lanbide gisa finkatzen lagundu zuen. Garai hartan bereziki garrantzitsuak izan ziren brodatu landuak, batez ere aristokraziaren jantzietan eta elizako apainduretan.

Industrializazioa iritsi aurretik, jostea erabat eskuz egiten zen, eta pazientzia, trebetasuna eta lan-ordu ugari eskatzen zituen. Oinarrizko tresnak bi baino ez ziren: orratza eta haria. Lehen orratzak hezurrez edo zurez egiten ziren, baina geroago metalez fabrikatzen hasi ziren. X. mendeko Txinan kobrez eta brontzez egindako orratz finak ekoizten ziren, eta teknologia hori geroago Europara iritsi zen, mundu arabiarrarekin izandako merkataritza-harremanen bidez.

Ehungintzak ere aurrerapen handiak izan zituen. Ehungailua Historiaurrean sortu zen, hariak gurutzatuz ehunak egiteko, zuntzak egitura finko batean tenkatuta. Denborarekin, tresna hori hobetuz joan zen, ehungilearen lana errazten zuten mekanismo berriak gehituz, adibidez, pedala. Era berean, Erdi Aroan gurpila edo iruteko gurpila agertu zen; ordura arte ardatzarekin eskuz egiten zen harilketa-prozesua nabarmen azkartu zuen tresna berritzaile horrekin. Denborarekin, gurpila, biradera, pedala eta harilkagailua txertatu zitzaizkion bere eraginkortasuna handitzeko.

Industria Iraultza erabat aldatu zuen josturaren mundua. Aurrerapen berrien artean, josteko makina nabarmendu zen, eta historiako asmakizun eraginkorrenetako bat hartu zen. Jostea tradizionalki emakumeek egindako jarduera izan zenez, berrikuntza horrek lan-baldintzak hobetzeko aukera eskaini zien, bai ehungintzako tailerretan bai etxean bertan.

Lehen josteko makina Frantzian sortu zen 1830ean. Egurrez egindakoa zen, eta hari bakarrarekin puntada bat egiteko gai zen. Eskuzko josturaren errendimendua gainditzen ez bazuen ere, Frantziako armadarentzat uniformeak fabrikatzeko patentea lortu zuen. Hurrengo hamarkadetan, hainbat asmatzailek sistema hobetzen jarraitu zuten. Horien artean Elias Howe nabarmendu zen, haren berrikuntzek makina horien ondorengo garapenaren oinarriak ezarri baitzituzten.

Hala ere, Isaac Singer estatubatuarra izan zen josteko makina behin betiko herritarren artean zabaltzea lortu zuena. Haren modeloak hobekuntza tekniko garrantzitsuak zituen: mekanismoa eragiten zuen pedala, oihala erdi automatikoki aurreratzeko hortzdun gurpila, prentsa-oina eta zulatutako orratza, besteak beste. Berrikuntza horiez gain, Singerrek arrakasta komertziala lortu zuen bere makinak etxeko erabilerara egokituta zeudelako eta epeka ordaintzeko aukera ematen zituztelako. 1851tik aurrera Howe-ren patentean oinarritutako bertsio bat merkaturatzen hasi zen, eta Estatu Batuetan lehenik eta Britainia Handian geroago etxeetan erabiltzen ziren lehen etxetresna iraunkor eta teknologikoki konplexuetako bat bihurtu zen.

Hamarkadetan zehar, josteko makina oso objektu desiragarria izan zen. Espainian haren hedapena beranduago gertatu zen, eta horrek tokiko fabrikatzaileei merkatuan lekua egiteko aukera eman zien. Horien artean Gipuzkoako Alfa eta Sigma enpresak nabarmendu ziren.

Alfa enpresa Eibarren sortu zen 1920an, bertako arma-industrian izandako lan-gatazken ondorioz. Horrexegatik, Sociedad Anónima Cooperativa Mercantil y de Producción de Armas de Fuego izeneko sozietatea eratu zen. 1925ean josteko makinak fabrikatzen hasi zen, eta 1932an, armagintzaren krisia zela eta, errebolberren ekoizpena utzi eta Sociedad Anónima Cooperativa Alfa izena hartu zuen. Gerra Zibilaren ondorengo zailtasunak gainditu ostean, 1940ko hamarkadan hazkunde- eta hedapen-etapa bati ekin zion. Ekoizpena dibertsifikatu zuen, instalazioak handitu zituen eta Eibarko enpresarik garrantzitsuena bihurtu zen.

1980ko hamarkadaren amaieran, josteko makinen merkatuaren krisiak produkzioaren beherakada nabarmena eragin zuen. Ordutik aurrera, enpresak bere jarduera beste negozio-ildo batzuetara bideratu zuen.

Eredu ezagunenen artean Alfa 20 modeloa nabarmentzen da, 1941 eta 1953 artean fabrikatua. Erdiko bobina zuen josteko makina honek ezkutatu zitekeen oihal-garraiatzailea zuen, brodatuak eta konponketa-lanak egiteko aukera ematen zuen. Motor elektrikoaren eta pedalaren bidez funtzionatzen zuen, eta egurrezko mahai bati atxikita zegoen. Ezaugarri horiei esker, etxeko zein lanbide-eremuko erabilerarako tresna praktiko eta moldakorra izan zen.

ESPLORATU BILDUMAK

Kaftan - circa 1923

Bilboko Euskal Museoa

Andere zaharra

Arabako Arte Ederren Museoa