Juan Eustaquio Delmasen olioz egindako erretratua. Juan Bautista Eustaquio Delmas García Bilbon jaio zen 1820ko irailaren 20an. Bere gurasoak Nicolás Dal Mazzo piemontearra eta Teresa García gaztelarra izan ziren. 1809az geroztik hiribilduan bizi ziren eta 1819an inprenta eta liburu-denda negozio bat jarri zuten. Bolada batean (1826-1832) café bikain batez ere arduratzen ziren, Gortazar familiaren jabetzako etxeko lehenengo pisuan, Posta kalean. Bertan, dantza eta gau-ekitaldi bikainak antolatu ziren, Fernando VII eta bere emaztea 1828an bisitan etorri zirenean. Juan Eustaquio Santiagoko Humanitate Eskolan hasi zen ikasten, lehenengo Abandon eta gero Bidebarrieta kalean. Ondoren, legeak ikastera joan zen Parisera eta bertan eman zituen lau urte. Bere aitarekin harremanak apurtzearekin ere izan omen zuen loturaren bat Pariserako bidaia horrek. Izan ere bere aita beste emakume batekin ezkondu zen 1843an, María Sagastirekin, eta, dirudienez, emakume hura familiaren zerbitzupean egon izana zen. Edonola ere, bertan eman zuen denbora oso emankorra izan zen. Zuzenbideaz gain, urte horietan diziplina artistikoak ikasi zituen, besteak beste marrazketa eta litografia (Engelmannen lantegi ospetsuetan). Bilbora bueltatu zenean, eta bere aitarekin izandako arazoak konponduta, familiaren inprenta modernizatu eta aberastu egin zuen. 1845eko maiatzaren 17an Santiago elizan ezkondu zen Josefa Balbina de Barandica y Mendietarekin. Lau alaba izan zituzten (eta beste hiru ume hil ziren urtea bete baino lehen). Urte horretan bertan, bere aitaren inprentan bazkide gisa hasi zen lanean eta hurrengo urtean fama eta ospe gehien eman zion lanetako bat argitaratu zuen: Viaje Pintoresco por las Provincias Vascongadas . Bestalde Viaje proiektua, entregaka aurreikusitako aldizkaria eta XIX. mendean hain modan zegoen bidaia-generoan sartua, zoritxarrez ez zen guztiz burutu. Bertan, lurraldeko historia, paisaia, ohitura eta monumentuei buruzko deskribapenak jasotzen ziren, litografia ederrekin ilustratuak, horietako asko berak eginak. Baina bere lanik arrakastatsuena Guía histórico-descriptiva del viajero en el Señorío de Vizcaya izenekoa izan zen, 1864an argitaratua. Garaiko testigantza ordainezina eta gida turistiko modernoen aurrekari garbia. Urte horietan guztietan, eta bera hil arte, Delmas inprentaren titular bakarra izanik, bere ekoizpen literarioa sekulakoa izan zen. Ikerketa historikoko (udalerrietakoa eta eskualdeetakoa) lan ugariez gain, hainbat kolaborazio egin zituen aldizkari eta egunkarietan, El Bilbaino (1837) eta El Vascongado (1840) egunkarietan hasita, eta gero beste batzuetan jarraituz, Irurac bat barne, berak sortu zuen egunkaria. Bertan, tokiko gaiak, foru-politika, historia edo literatura bezalako gaiak jorratu zituen. Juan Eustaquio Delmas oso gizon ikasia eta polifazetikoa zen. Hainbat akademia zientifikoko kide hau bere garaiko arte eta letretako figura garrantzitsuekin erlazionatu zen (Antoine d¿Abbadie, Luciano Bonaparte, Mañe y Flaquer, Benlliure, Trueba...) eta margo eta liburu bilduma ikaragarria izan zuen, tartean 42 inkunable. Zoritxarrez, hala ere, inkunableok desagertu egin ziren 1874an, azken gerra karlistan, Campo Volantíneko bere etxe-jauregia bonbardatzean. Inprimatzailea, idazlea, historialaria, marrazkilaria, litografoa, kazetaria, politikoa (Udaleko zinegotzi izan zen 1863-66 eta 1879-81 artean)... Bere garaiko lekuko eta notario aparta izan zen. Juan Eustaquio Delmas Madrilen hil zen, 1892ko urriaren 25ean. Tratamendu medikoa jasotzeko joan zen bertara, baina ez zuen denborarik izan orduan lantzen ari zen obra handizalea amaitzeko: Biografía Universal de los Claros Varones de Vizcaya. Berak ere, noski, leku bat merezi du bilduma horretan. Erretratua "Galería de Celebridades Vizcainas" bildumakoa da. "Galeria" pertsona ospetsu eta aipagarrien inguruan olioz egindako 239 erretratuz osatutako bilduma da. Pertsona horiek, hain zuzen ere, XIX. mendeko azken urteetako eta XX. mendearen lehen erdiko eguneroko bizitzan eta jardueraesparru askotan nabarmendu ziren Bizkaian, eta, zehazki, Bilboko Hiribilduan. Galeria 1950. urtearen inguruan sortu zen, José Antonio eta Luis de Lerchundi y Sirotich anaien proiektu pertsonal gisa; izan ere, lurraldeko Museo ikonografiko moduko bat egiteko ideia izan zuten, etorkizuneko oroitzapenerako gordez bertako iraganik hurbilena, garai hartako gizon eta emakume nabarmenen irudien bitartez.
2013-2014. Bizkaitar Entzutetsuen Galeria. Kirolariak. Artistak. Idazleak /Galería de Celebridades Bizkainas. Deportistas. Artistas. Escritores. , Euskal Museoa-Museo Vasco. 2013/11/14-2014/03/16.
Álvarez, Marian; Garay, Maite. Galería de Celebridades Bizkainas. Deportistas. Artistas. Escritores. Bilbao, Euskal Museoa-Museo Vasco, 2013.