Casilda Iturrizar Urquijoren olio-erretratua (Bilbo, 1818-1900). Joseph Ylarión Iturrizar Basaberen (1799) eta Eugenia Nicolasa Urquijoren alaba (1798). Santiagon bataiatu zuten, eta amabitxia Casilda Ingunza izan zen. 1859ko maiatzaren 1ean, Tomás José Epalza Zubaranekin ezkondu zen (1798). Tomás bilbotar aberats bat zen, Concepción Lequerica Bergarecheren alarguna (Bilbo, 1800), Tomásek Boluetako Santa Anan zuen bazkidearen arrebarena. Senarra hil zitzaionean 1873ko apirilaren 22an, Casildak Bilboko hiru aberastasun handienetako bat jaso zuen (beste biak Juan Echevarría La Llanarena eta Banco de Bilbaorena ziren). 12.000.000 kobrezko txanpon, gutxi gorabehera. Bizirik zegoela egin zituen dohaintzak milioi bat pezetatik gorakoak izan ziren, besteak beste, Basurtuko ospitalea eta Erruki Etxe Santua eraikitzeko. Ikaskuntza Katolikoa eratu zuen Deustuko Unibertsitatea eraikitzeko, 500.000 pezeta emanda, eta Tiboliko eskola-taldea eraikitzea finantzatu zuen, bere "Ugarte" finkaren lursailetan, senarraren oroitzapenean, Andre Mariaren Bihotza eliza (egungo Berreginen Museoa) eta Iturribideko Patronatua. Gainera, organo bat eman zion Santiago elizari eta beste bat San Nikolas elizari, eta Bilboko Antzoki Berriaren (egun, Arriaga) akziodun handiena izan zen, 125.000 pezetarekin. Rafaela Ybarrarekin batera, Etxeko Zerbitzuaren eliza sortu zuen (egun Salbatzailearen parrokia-eliza, Fontecha Salazarren). Testamentuan, 250.000 pezeta utzi zizkion Basurtuko ospitaleari berriz, Erruki Etxeari 500.000 pezeta, Patronatuari 200.000 pezeta, Valentín Berriochoa beatifikatzeko batzordeari 125.000 pezeta, legatu asko eta asko, eta bere zerbitzariak, senitartekoak, pobreak, erakundeak... ahaztu gabe. Guztira, 7.600.000 pezeta baino gehiago izan ziren. 1900eko otsailaren 22an hil zen, Estufa kalearen 9.ean (egun, 8) zuen etxeko lehen solairuan. Hurrengo egunean Rafaela Ybarra hil zen. Rafaelarekin, hain zuzen, kezkak, fundazioak eta erakundeak partekatzen zituen. Hileta-elizkizunean, Bilboko Orfeoiak (hartako ohorezko bazkidea zen 1891z geroztik) Cherubiniren Requiema abestu zuen. Esaten dutenez, 1876ko martxoaren 16an, Tomás Epalzak Portugaleten eraikiarazi zuen finkan bazkaldu zuen Alfontso XIII.a erregeak, eta eseri aurretik, protokoloak agintzen zuen moduan, mahaian eserarazi zuen anfitrioia, Casilda Iturrizar. Antza denez, erregeak bereziki gozatu zuen Zuricaldayren azkenburukoekin. Erretratua "Galería de Celebridades Vizcainas" bildumakoa da. "Galeria" pertsona ospetsu eta aipagarrien inguruan olioz egindako 239 erretratuz osatutako bilduma da. Pertsona horiek, hain zuzen ere, XIX. mendeko azken urteetako eta XX. mendearen lehen erdiko eguneroko bizitzan eta jardueraesparru askotan nabarmendu ziren Bizkaian, eta, zehazki, Bilboko Hiribilduan. Galeria 1950. urtearen inguruan sortu zen, José Antonio eta Luis de Lerchundi y Sirotich anaien proiektu pertsonal gisa; izan ere, lurraldeko Museo ikonografiko moduko bat egiteko ideia izan zuten, etorkizuneko oroitzapenerako gordez bertako iraganik hurbilena, garai hartako gizon eta emakume nabarmenen irudien bitartez.