EU  |  ES  |  EN  |  FR  | 

Karta-sorta

Viuda e Hijos de Heraclio Fournier

Funts-mota/Bilduma:
Inbentario-zk. / Siglak:
2000/0729
Objektua:
Neurriak:
A= 9,6 cm; An= 6,2 cm (naipe) Estuche: 9,8 x 6,7 x 1cm
Etiketak
Describapena

Karta-sorta espainola, lau palotan banatutako 40 kartak eratutakoa (urreak, kopak, bastoiak eta ezpatak). Marrazki patentatuak dituzte, 12 koloretan kromolitografiatuak, klase opakuko kartoi mehe gainean. Urreen batekoan, fabrika 1870ean sortu zuen pertsonaren, Heraclio Fournierren, irudia duen medailoia dago, eta egilea aipatzen da, filakterio bikoitz batean: "Viuda e Hijos de H. Fournier" eta "Vitoria (España) Fábrica de Naipes". Ezpaten bostekoan, egilea berriro aipatzen da eta Estatuko zigilu bat dago, 1,20 pezetaren balioa duena. Urreen laukoan, lantegiaren ikuspegia dago, eta kopen laukoan, lantegiak Paris, Bordele, Araba eta Madrilgo erakusketetan lortu zituen urrezko dominak aipatzen dira.

Fournier fabrikak 1868an du jatorria, Heraclio Fournier, Parisko maisu inprimatzaile ospetsu batzuen ondorengoa, Gasteizen kokatu zenean eta estanpazio litografikoan aritzeko lantegi txiki bat jarri zuenean martxan Espainia plazaren 5.ean. Hasiera batean, kartak egiteko fabrika moduan sortu zen enpresa, baina gero jarduera zabaldu zuen arte grafikoen arloaren barnean. Zigiluak egiteko, liburuak inprimatzeko eta koadernatzeko zerbitzuak ematen zituen, hain zuzen. Negozioak azkar egin zuen aurrera, eta toki handiagoa zuen beste leku batera joan behar izan zuten. 1875ean, inprimatzeko metodo berrien eta modelo grafiko berrien alde egin zuen. 1877an, Emilio Soubrierri eta Díaz de Olano gasteiztar margolariari agindu zien karta bat diseinatzeko, eta, Heraclioren beraren zuzendaritzapean, egungo karta espainola izan zen emaitza, etxe horretako oinarrizko figurekin. Izan ere, aldaketa batzuk baditu ere, egun merkatuan dagoena eta denok ezagutzen duguna da. 1889an, karta-sorta horrek lehen saria eskuratu zuen Parisko Erakusketa Unibertsalean. 1880an, fabrika berria kokatu zuen Gasteizko San Prudentzio kalean, eta 1888an, Foruen kaleko eraikinera lekualdatu zen. Urte bat geroago, 1889an, hamabi koloreko karta-sorta litografikoa sortu zuen, eta haren berezitasuna izan zen urreen batekoan bere irudia agertzea. Karta-sorta horrek sariak eskuratu zituen Paris, Brusela, Bartzelona, Madril, Kairo eta abarretako erakusketetan. Gero, Augusto Riusek modeloa berritu zuen eta behin betiko forma hartu, gure egun hauetan duenaren oso antzekoa. 1916an, Heraclio Fournier hil egin zen Vichyn, baina enpresak hedatzen jarraitu zuen. Orduan, Félix Alfaro biloba zen zuzendaria, hark ordeztu baitzuen negozioaren burutzan. Azken hori izan zen enpresak mundu osoan izan zuen garapen handiaren arduraduna, eta bai karta-sorta espainola nazioartean ezagun egitearena ere. 1948an, Naipes Heraclio Fournier erabateko liderra zen merkatu nazionalean. Handituz zihoan eskaerari erantzuteko, handiagoa zen fabrika batera lekualdatu zen, garai hartako azken aurrerabide teknologikoak barne hartuta eta, hartara, nazioartean sendotzeko oinarriak jarrita. Egun, enpresa Ameriketako Jarden Corporation holdingaren barnean dago. Naipes Heraclio Fournierrek eta The United States Playing Card Companyk eratzen duten taldea liderra da mundu osoan karten merkatuan, %35etik gorakoa den kuota bat izanda.

Interneteko baliabideak