Bilboko Kontsulatuaren faluaren berreraikuntza da hau, Francisco Bustríni egotzitako XVII. mendeko olio-pintura batean oinarritua. Ontzia 2000. urtean eraikia izan zen Itsasadarra Itsas Museoko tailerretan, José Luis González ontzi-modelogile eta erriberako arotzaren zuzendaritzapean. Jatorrizko planoen faltaren eta historian zehar izan diren faluen aniztasunaren ondorioz, Antón Cortázar itsas proiektugileak plano berriak prestatu zituen aipatutako lan piktorikoa abiapuntu hartuta.
Falua zurez eraikia dago, topeka deituriko teknika tradizionalaren arabera: traka-oholak elkarren ondoan estu-estu jarrita daude, kanpotik azalera leuna osatuz eta forrua berriz, zuaker laminatuen gainean finkatua dago. Egurra bernizatuta dago, eta obra bizia zuriz margotuta ageri da eta obra hila berriz, egurraren berezko kolorea gordetzen du. Bandan zehar, tonu urreztatuko apaindura-zerrenda ikus daiteke, ontziaren izaera instituzional eta zeremoniala azpimarratzen duena. Korasta-lema dauka, eta popan lemaren zurtoina kokatzen da, ontzia gobernatzeko. Popan bertan dagoen palioa arreta handiz landua dago: oihal gorriz estalia, alboetako gortinak jasota eta izkinetan apaingarriak dituela; agintarientzako edo erabilera protokolarioko faluen bereizgarri den elementua da. Kubierta garbia da, arraunlarientzako zeharkako bankuekin, zurezko baranda torneatuekin eta brankan zein popan dauden apaindura-xehetasunekin. Neurriak: eslora 13,92 m; manga 2,90 m; puntala 1,20 m; kalatua 0,55 m.
Bilboko Kontsulatua, 1511n sortua, Bilboko Portuan eta Itsasadarrean merkataritza arautzeaz arduratzen zen erakundea izan zen, baita bide eta portuetako azpiegituren proiektuak egiteaz eta gauzatzeaz, nabigazio-ikasketak programatzeaz eta kapitainak zein pilotuak prestatzeaz ere. Bere agintea argi agertzen zen Hiribilduko ekitaldi ofizialetan eta jaietan, une horietan faluak protagonismo sinboliko nabarmena hartzen baitzuen, agintarien segizioa Itsasadarrean zehar eramanez.