Bizkaiko Labe Garaietako Langileen eta Enplegatuen Kooperatibak Barakaldon jaulkitako fitxa, ogitarteko-ogi bat ("richi" edo "riche" bat) eskuratzeko. Zirkulu forma du, uhinak dituen perimetroa eta zuloa erdian. Aurkia. Lantegiaren ikuspegia, tximinia ugari dituela. Perimetroan idazkun hau dago: "COOP. DE O.Y.E. ALTOS HORNOS BARACALDO". Ifrentzua. Truke-balioa dago adierazita: "VALE / POR / UN / RICH". Txanpon formakoa da, txapa, jeton edo token ere esaten zaiona, legezko erabilerarik gabea. Hartara, erakunde jaulkitzailean, kasu honetan Bizkaiko Labe Garaietako Langileen eta Enplegatuen Kooperatiban, baino ezin zitekeen erabili. Egoitza Barakaldon zuen, eta kontsumo-kooperatiba zen, hasiera batean, patronalak sortutakoa. Enpresa siderometalurgiko horretako langileak hartzen zituen, behar-beharrezko gauzak edo zerbitzuak preziorik onenean eta ahalik eta kalitate onenarekin lortzeko helburuarekin. Kooperatiba honek Barakaldoko Langileen Sozietate Kooperatiban du jatorria, Bilboko Labe Garaien lantegiak sortutakoa 1884an. Hain zuzen, Euskadiko lehen kontsumo-kooperatiba izan zen. Enpresa hori La Vizcaya lantegia bateratzean, Bizkaiko Labe Garaiak sortzeko 1902an, bi enpresek zituzten kooperatibei martxan eustea erabaki zuten, hori bai, patronatu berri baten pean berrantolatuta. Kooperatiba berria jardunean izan zen 1903 eta 1936 artean.