Haurrentzako mozorroa, Euskal Herriko baserri-arloko jantzi tradizional bat erreproduzitzen duena, hain zuzen:
- Baska eta berarekin ondo ematen duen gona, kotoizko oihal koadrodunarekin egindakoa, zuri eta urdinean. Baska jantzi zuzena da, kutxa-formako eskotea duena eta puntu biribilduak dituen lepoa. Kanezua du, irekidura aurrealdearen erdian, nakarrezko 6 botoirekin ixten dena. Alboetan, alde bakoitzean, hiru toles bertikal ditu, bizkarrean errepikatzen direnak. Izurrak ditu atzeko gerrian eta mahuka luzeak, eskumuturra dutenak. Lasaiera duen gona da, hiru luzerakorekin egina, gerrian goma jarrita izurrak dituena eta azpildura handia barrenean.
- Kotoi zuriarekin egindako azpiko gona. Gomazko gerria du, eta irekidura albo batean, presilla bidez lotzen dena. Gerrian ebakidura du, lasaiera handiagoa emateko. Hiru aloz urratu ditu. Barrena azkentzeko, brodatu mekanikoa du aplikatuta.
- Zapia, burukoa, kotoi zuriarekin egindakoa eta hiruki-formakoa. Bi ertzetan makinaz jositako azpildura du.
- Artilezko xala, beltza eta hiruki-formakoa. Bobo puntuan trikotatuta dago. Goiko ertza azkentzeko festoia du, eta beste biak azkentzeko, mendela. Bi muturretan xingola beltzak ditu, gerrian lotzeko.
- Kotoizko aurreko mantal beltza, laukizuzena. Atzerantz luzatzen den gerria du, lotzeko xingolekin. Bi poltsiko plastoi.
- Espartin-parea, kotoi beltzarekin eta kalamuzko zolarekin egindakoak. Xingola beltzak dituzte.
XIX. mendearen amaieratik, hiri handietako hiritarren artean (Bilbo, Donostia, Tolosa, Gasteiz...) jai pribatuetara joateko (burgesen artean) edo egutegi tradizionaleko zenbait ekitalditan parte hartzeko (Eguberrietako diru-bilketak, San Tomas, Santa Agata eta Inauteriak, besteak beste) arlo tradizionaleko jantziak janzteko ohitura sortu zen. Ohitura hori bizirik dago egun, nahiz eta jantzi tradizionalaren modeloa aldatzen joan den, arketipo berriak finkatuz.