Eliza kapa hau eta bere kasulla dira museoaren bilduman kontserbatu diren apaingarririk antzinakoenak, eta zerrendan brodatuta duen inskripzioak aditzera ematen duen bezala (GAMARA/MAIOR), berariaz egin zen herri horretako elizarako. Arabako ehungintza arteen goieneko uneari dagozkio obra horiek, hau da, XVI. mendearen azken herenari. Garai hartan brodatze lantegi indartsu eta ospetsuak izan ziren Gasteizen. Ezaugarri manieristako estiloa garatu zen orduan, modelo rafaeldarretan inspiratua, zeinak agerikoak baitira obra honetan irudikatutako santuen figuretan. Jantzi sakratuak ekitaldi liturgikoetan erabiltzeko egiten dira, eta Elizaren sorrera garaietatik erabiltzen dira. Zehazki, eliza kapa apaizek erabiltzen dute nolabaiteko solemnitatea duten ekitaldietan; esate baterako, prozesioetan. Berez, kalean euritik babesteko erabiltzen zen, eta jatorrizko funtzio horri egiten dio erreferentzia izenak. Hain zuzen, atzealdean zintzilik duen txanoak janzki horren jatorrizko kapusaia dakarkigu gogora. Jainkoari eskainita daudelako ideia dela eta, apaingarriak material aberats eta noblez egiten ziren, kasu honetan bezala. Zeta granatezko belusez dago eginda, eta mendel bat dauka, aurrealdea mugatzen duena, non hainbat brodatze teknika konbinatzen baitira, hala nola xehetasunezkoa, urrezko hariz eta jaurtitako puntadaz egindakoa eta repostero izenekoa. Erabilitako harien kalitateak piezen fintasuna erakusten du, eta bikain daude eginda, tonuen gradazioan eta marrazkien zehaztasunean ikusten den bezala. Ikonografia batez ere mendelean dago. Mendela sei koadrotan dago banatuta, eta sei santu daude irudikatuta, xehetasun handiko agertoki batean, eta perspektiba oso ondo dago eginda. Irudiak erdi puntuko arku banaren azpian daude. Arkuak erroleo ikusgarriz errematatuta daude, eta elementu arkitektoniko errenazentista hutsen gainean bermatuta. Perspektiba lineala dama taula itxurako zoruak zehazten du, eta atzealdean xehetasun handiz egindako zuhaixkek urruntasun sentsazioa ematen dute. Santuak beren ezaugarri bereziekin ageri dira: Done Joan Bataiatzailea bildotsa seinalatzen, Done Bartolome aiztoa eskuan duela deabrua zapaltzen, Done Eztebe palma eskuan eta diakonoaren dalmatika soinean dituela, Done Paulo ezpatarekin, San Andres X itxurako gurutzearekin eta San Genesio arku eta geziarekin. Txanoan, "al romano" estetikako erroleoz apaindutako orla batean, Jasokunde koroatua, lau aingeruz inguratuta.
LÓPEZ DE GUEREÑU, Gerardo. Álava Solar de Arte y de Fe. Vitoria, Caja de Ahorros y Monte de Piedad de la Ciudad de Vitoria, 1962, or. 38
ENCISO VIANA, Emilio (Coord.). Catálogo Monumental Diócesis de Vitoria: La Llanada alavesa occidental. Vitoria-Gasteiz, Udal Aurrezki Kutxaren Obra Kulturala, 1975, 399 or.
ECHEVERRÍA GOÑI, Pedro L. Las artes en el Renacimiento , En: LLANOS ORTIZ DE LANDALUCE, Armando. Álava en sus manos. Vitoria-Gasteiz: Caja Provincial de Álava-Arabako Kutxa , tomo 4. 1983, p. 136
ECHEVERRIA GOÑI, Pedro L. Renacimiento , En: GONZÁLEZ DE SAN ROMÁN, Miguel (dir.). Vitoria-Gasteiz en el Arte. Vitoria-Gasteiz: Gobierno Vasco etc. , volumen 2. 1997, p. 372
PLATERO OTSOA, Arantxa; Mónica MORENO GARCÍA. Los bordados alaveses en ornamentos litúrgicos , Akobe, Ondasunen artapen eta berriztapena , 6. 2005, or. 74-77. ir. kol. or. 74-77
Restauradores, los médicos del arte , Diario de Noticias de Álava . 02/11/2005.
La Diputación pone en marcha un taller para restaurar las joyas textiles de la catedral , El Correo . 17/04/2006.
HOLGUERAS ARRANZ, Rosalía. Las fundaciones artísticas de D. Francisco de Gamarra, obispo de Ávila [lan argitaragabea]. 2007, 139-141 or.
ERKIZIA MARTIKORENA, Aintzane; Itziar AGUINAGALDE LÓPEZ. Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa eta haren bilduma. Vitoria-Gasteiz, Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa, 2020, or. 100-103, ir. kol. or. 102
AGUINAGALDE LÓPEZ, Itziar. Liturgia [libruxka]. Vitoria-Gasteiz, Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa, 2022.
SIGÜENZA PERLADA, Cristina. "Bordados calagurritanos del siglo XVI en la iglesia de San Bartolomé de Logroño, una nueva aportación al estudio del textil litúrgico en La Rioja", Kalakorikos: Revista para el estudio, defensa, protección y divulgación del patrimonio histórico, artístico y cultural de Calahorra y su entorno , nº 21. 2016, pp. 9-32
"PLATERO;MORENO Los bordados alaveses en ornamentos litúrgicos" [Kontsulta: 21/12/2020]
"Web. Arte Sakratuaren museoa. Vitoria-Gasteiz" [Kontsulta: 2023/05/05]
Gamarra Nagusiko Jasokundearen Parrokia (Araba) 1998. Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoan gordailua