Esther Ferrerren praktika artistikoa markatu duten funtsezko gaiak ukitzen dituen proiektua da lan hau, hala nola, denbora eta bere urrats errukigabearen dokumentazioa. Bost urtean behin autoerretratu fotografiko bat egiten du, bitan banatzen du eta aurpegiaren erdia aurreko urteetakoarekin konbinatzen du, horrela denborak bere gorputzean duen bilakaera erakutsiz. Lana presentzia fisikoari eta haren etengabeko eraldaketari buruzko aldakuntza-sare baten gisara aurkezten da.
Esther Ferrerrek ekintzak egin ditu 60ko hamarkadaz geroztik, bai bakarka, bai eta ZAJ taldeko kide gisa ere (Walter Marchetti, Ramon Barce eta Juan Hidalgok sortua eta 1996an desegina)
60ko hamarkadaren hasieran lehen Espresio Askerako Tailerra sortu zuen Jose Antonio Sistiaga margolariarekin, eta hori bera beste jarduera paralelo askoren ernamuina izan zen, esate baterako, Eskola esperimental bat martxan jarri izanarena, Elorrion (Bizkaia).
70eko hamarkadaren erdian, jardun plastikoari ekin zion berriro, argazki landuak, instalazioak eta zenbaki bakartien sailetan edo Pi zenbakian oinarritutako koadroak, objektuak eta abar baliatuz.
1999an Espainia Veneziako Bienalean ordezkatu zuten artistetako bat izan zen. 2008an Espainiako Arte Plastikoen Sari Nazionala jaso zuen, 2012an Eusko Jaurlaritzaren Gure Artea Saria eta 2014an MAV Saria (Emakumeak Arte Bisualetan), Arte Garaikideen Marie Claire Saria eta Velazquez Saria.
Performanceetako artista gisa egindako ibilbide luzean festibal ugaritan parte hartu du, nola Espainian hala atzerrian ere (Alemania, Italia, Suitza, Belgika, Frantzia, Danimarka, Norvegia, Erresuma Batua, Herbehereak, Polonia, Eslovakia, Txekiar Errepublika, Hungaria, Bulgaria, AEBak, Kanada, Mexiko, Kuba, Brasil, Tailandia, Japonia, Korea, Palestina...)