Bilboko Eskola Publikoek jaulkitako diploma, Policarpo Orbañanos Garcíaren izenean. Esteban Irigoienek zuzendutako eskolako ikaslea zen Orbañanos, eta diplomak egiaztatzen du ikasturtean jardun zelako eta eskoletara joan zelako lehen saria eskuratu zuela. Bilbon jaulkita dago, 1892ko abuztuaren 26an, Bilboko Udalaren zigilua du eta Gregorio de la Revilla alkatearen sinadura.
Imprenta y Litografía de Juan E. Delmas etxean inprimatu zuten diploma, Bilboko Posta kalean. Ikaslearen datuak eskuz idatzita daude.
Inguruki litografikoa du, lore motiboekin, goiburuan, Bilboko eta Bizkaiko armarriekin, eta alboetan irakaskuntzarekin lotutako gaien gaineko medailoiak.
Policarpo Orbañanos García Logroñon jaio zen, 1879an. Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan ikasten eta Bilboko Alde Zaharreko Kale Berrian zegoen Tornería de Ángel Ochoa de Alda tornu lantegian praktikak egiten aritu eta gero, bere lantegia ireki zuen 1900ean, Astarloa kalearen 4.ean. Lehen garai hartan "Taller Mecánico de Tornería" izena zuen eta galdaketako modeloen eta billarreko bolen tailer espezializatu moduan egiten zion publizitatea bere buruari. Zuraz gain, bolia, hezurra eta harria lantzen zituen tornuan. Gero, negozioa Colon de Larreategui kalearen 16.era lekualdatu zen. Jabea hil ondoren, langileek jarraitu zuten negozioan, azkena hil zenean negozioa itxi zuten arte.