Irudi litografikoa, "Monumento erigido en el Campo Santo de Mallona a la memoria de las víctimas de los gloriosos sitios de Bilbao, de 1835 y 1836; inaugurado solemnemente el día 24 de Mayo de 1870" oinean duen izenburuak adierazten duen moduan, Bilboko setioen biktimak omentzeko monumentua irudikatzen duena. Angeluetan gorputz irtenak zituen lau angeluko idulki baten gainean, monumentuak lau lehoi eta banderen lau multzo zituen, eta erdian oroitzapenezko idazkunak zituen idulki bat. Haren gainean andre heldu klasikoaren emakume irudia zegoen, eskuetan hiru koroa zituela. Zehazki, Bilbo Hiria irudikatzen zuen, bera defendatzeko hildako semeen hilobiak koroatzen. Lehen karlistaldiko setioetan Bilboren defentsan aritu ziren biktimak omentzeko Mallonako hilerrian eraikitako monumentua edo mausoleoa erreproduzitzen du irudiak. Hilerri horretan, gainera, haien errautsak jaso zituzten. Azken setioa amaitu eta handik laster sortu zen ekimen bat izan zen monumentu hori eraikitzea (1837ko urtarrilaren 3ko Errege Dekretua). Hasiera batean, San Agustin komentuko orubean eraikitzea pentsatu zen, baina atzeratzen joan zen 1865-1866 arte, eta orduan erabaki zen biktimen gorpuzkinak Mallonako hilerrira eramatea. Era berean, Mallonan bertan mausoleoa eta monumentua eraikitzeko proiektuen lehiaketarako deia egin zen. Dirudienez, onartutako proiektua Juan Barroeta margolariari dagokio, eta Juan Bellver eskultoreari egokitu zitzaion eskulturako alderdiak gauzatzea. 1870eko maiatzaren 24an inauguratu zuten, baina laster hasi zen hondatzen, azken karlistaldiaren eta gero 36ko gerraren ondorioz. 1938ko ekainean, Udalak hitzartu zuen azkentzen zuen estatua kentzea. Gero, lehoiak Museora ekarri ziren (2516, 2517, 2518 eta 2519 zenbakiak), eta, oinarriarekin batera (berriki lehengoratu da eta garai bateko hilerriaren atearen ondoan kokatua), gorde diren elementu bakarrak dira.
1986-1987. 1986.ko Eskuraketak / Adquisiciones 1986. , Euskal Museoa-Museo Vasco. 1986/11/12-1987/01/10.
2002. Bildumak / Colecciones. , Euskal Museoa-Museo Vasco. 2002/05/21-2002/08/04.
2003. Bilbao en las Revistas ilustradas. 1843-1900. , Bilboko Arte Ederren Museoa - Museo de Bellas Artes de Bilbao. 2003/02/24-2003/05/05.
Bildumen Gida = Guía de Colecciones. Bilbao, Euskal Museoa-Museo Vasco, 2002, p 315
Viar, Javier. Bilbao en las revistas ilustradas 1843-1900. Bilbao, Museo de Bellas Artes , 2003, pp 91-94