Antzoki Zaharra saila -Maru Rizok 2022an San Telmo Museoari dohaintzan emana- fundazionaltzat har daiteke Amable Ariasen obran. Akuarela eta marrazki sorta horretan, hastapenetakoa oraindik, behatzeko ahalmen aparta garatu zuen artistak, ingurune ezohiko batean garatu ere: joan den mendeko berrogeita hamarreko hamarkadako antzerki ibiltariaren esparruan, hain zuzen. Banbalinetako giro hura dago 1955 eta 1959 bitartean sortutako obra sorta honen jatorrian. Sintesia eta protagonisten hazpegiak oro har agerian ez izatea ezaugarri dituzten arren, errealismo bizia darie irudiei, artistak modeloen jarrera atxikitzeko zuen ahalmen harrigarriari esker. Horien artean, badira pose kontzienteak, protagonistek ongi neurtuak, non sortzen baita berezko jarraitutasun bat obraren eta protagonistek antzezten dituzten pertsonaiak eszenan agertzearen artean -antzezle dotoreak, vedette sentsualak, musikariak eta komikoak jardunean, etab.-, edo artistak marraztu zain lasai ageri diren irudiak. Baina, bestalde, badira irudi apur batzuk keinu edo une lapurtuak erakusten dituztenak, modeloak ezustekoan harrapatuta eginak eta halako nahi gabeko intimitate bat erakusten dutenak. Mikel Lertxundi Galiana (2023)
2023. Amable Arias banbalinetan. Donostia, San Telmo Museoa. 2023/02/18-2023/07/02.