San Jeronimo ageri da, eliza latineko lau aitetako bat, penitente eta anakoreta gisa. Erdi biluzik ageri da, belaunikatuta harritza baten gainean; gurutze bati begira dago, eskuineko eskuan harri bat dauka gorputza kolpatzeko, eta penitentzian egon arren sendo eta indartsu ageri da, zauri edo markarik gabe. Kopetilun ageri da, baina aurpegian indarra eta tinkotasuna antzematen zaizkio, bizar luze eta oparoa du, eta itxura horrekin Miguel Angelen lana dakar gogora, Anchietak jarraitu zuen artista. Atzealdean hodei asko dituen zerua ageri da; paisaia soila da, baina xehetasunez betea. Garezurra eta gurutzea ere ageri dira, meditatio mortis delakorako, penitenteen kasuan ohikoa zen moduan. Berezko osagarriak ditu lehoia, sotana gorria eta kapelu kardinalagoa (kasu honetan ez dauka horrelakorik), baina badu mantu bat. XVI. mendearen amaieran, Kontrarreforma bete-betean, eliza Trentoko Kontzilioko jarraibideak aplikatu nahian zebilen, eta tartean, penitentzian zeuden santuak irudikatzeko eskatzen zen, kasu honetan bezala. San Jeronimo intelektual edo elizako doktore gisa ere irudikatzen zen; izan ere, gogoratu behar da bere obrarik garrantzitsuena Biblia latinera itzultzea izan zela, Vulgata izenez ezagutzen dena. Garai hartan humanista eredugarritzat hartzen zen, baita erruki eredu gisa ere, eta, besteak beste, horregatik izan zen XVI. mendean gehien irudikatu zen santua. Anchieta garai hartan talentu gehien izan zuen eskultoreetako bat izan zen; Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan, Gaztelan, Errioxan eta Aragoin egon zen lanean. Korronte erromanista jarraitu zuen, artista erromatar garaikideak modelo gisa hartuz, batez ere Miguel Angel; estilo hura zabaldu zuen. Figurak eta taldeak osatzeko gaitasuna eta birtuosismoa nabarmentzen dira. Erretauletan lan asko egin zituen eta nabarmentzeko modukoak dira, besteak beste, Briviesca, Astorgan egindakoak eta Gasteizko Done Mikel elizako erretaula nagusi bukatu gabean dauden taillaketa lanak; figura haietako batzuk Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museo honetan ikus daitezke.
2016. Miguel Angelen aztarnak. Gasteiz, Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa. 2016/06/21-2016/12/31.
PÉREZ, María José. 'San Jerónimo penitente', la huella de Miguel Ángel en Álava , El Correo . 28/06/2016.
San Jerónimo. Juan de Anchieta [libruxka]. Vitoria-Gasteiz, Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa, 2016.
ERKIZIA MARTIKORENA, Aintzane; Itziar AGUINAGALDE LÓPEZ. Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa eta haren bilduma. Vitoria-Gasteiz, Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa, 2020, or. 62-63, 73, ir. kol. or. 35 eta 73
GARCÍA GAINZA, Mª Concepción. "El escultor Juan de Anchieta en su cuarto centenario (1588-1988)", Príncipe de Viana , 185. 1988.
GARCÍA GAINZA, Mª Concepción. Juan de Anchieta, escultor del Renacimiento. [Madrid], Arte Hispanikoa Fundazioa, Nafarroako Gobernua, 2008.
VASALLO TORANZO, Luis. "Gámiz, Anchieta y Juni. El pleito por el retablo de Briviesca", Archivo Español de Arte , LXXXII, 328. Octubre-Diciembre 2009, pp. 355-366
"Visita virtual: Retablo del Calvario, el lento afianzamiento del arte renacentista" [Kontsulta: 2018]
"Anchieta, Juan de [Auñamendi]" [Kontsulta: 13/01/2022]
"Juan de Anchieta [Biografía RAH]" [Kontsulta: 13/01/2022]
"Juan de Anchieta [Wikipedia]" [Kontsulta: 13/01/2022]
"Web. Arte Sakratuaren museoa. Vitoria-Gasteiz" [Kontsulta: 2023/05/05]
Alcala Subastas, Madril 2009. Arabako Foru Aldundiak eskuratzea 2009. Arte Sakratuaren Museoaren bilduman gordailua