Felix Abasolo lurrunontziaren ontziolako modelo erdia da, luzetara irudikatua eta plano diametraletik ebakia. Ontziaren ezaugarriak jasotzen dituen eraikuntza plaka ikusgai dauka. Modeloa egurrez egina dago, arretaz landua eta leundua, eta egurrezko xafla baten gainean muntatua. Ur azpiko zatia egur naturalean ageri da, eta ur gainekoa berriz, beltzez margotuta. XIX. mendearen amaierako zama-ontzien profil bereizgarria nabari zaio, branka zuzena eta popa, laua apur bat kurbatua dituela. Istriborreko amulan ontziaren izena irakur daiteke: Felix Abasolo.
Félix de Abásolo ontzia 1899an eraiki zuten Port Glasgowko William Hamilton & Cº ontziolan, Croham izenarekin. Karga orokorreko ontzi konbentzionala izan zen, lau sotoz osatua. 1901ean Naviera Vascongada konpainiari saldu zioten, eta orduan hartu zuen Félix Abásolo izena. 1910ean desagertu zen, ekaitz baten ondorioz, Mantxako kanala zeharkatzen ari zela Genovara bidean.