EU  |  ES  |  EN  |  FR  | 

Museotik Historias

Ezkontzak

Garai batean, bikoteak erromerietan, dantzaldietan edo pasioetan topatzen ziren. Bakarrik irteten hasten zirenean, haien arteko harremana formalizatutzat jotzen zen eta berehala ezkontzen ziren. Euskal Herrian ohikoa zen loturak herri bereko gazteen artekoak izatea, bereziki, herriak isolatuta zeudelako. Senargaien parrokian aldarrikapenak edo kargu-hartzeak egin ondoren, ezkontza prestatzen hasten ziren: bizilagun eta senideek senargaiak bisitatzen zituzten zorionak emateko, eta familiak esku-eskaerarako elkartu egiten ziren. Bertan, ezkontza-kontratuaren baldintzak doitzen ziren eta opariak trukatu. Seme-alaben ezkontzak etxearen jarraipena ziurtatzen zuen, eta, beraz, elkarrekin bizitzeko itunak adosten ziren ezkontza-itunen edo aginduen bidez.

Ezkontza elizan ospatzen zen, eta senargaiak segizio batekin iristen ziren bertara. Hasiera batean, aitabitxiak bataiozkoak izaten ziren; ondoren ezkontideen gurasoei utzi zieten haien lekua. Ezkontzeko adostasuna eta erresen eta eraztunen bedeinkapena eliza atarian egiten zen, bertan egiten baitziren promesa eta zin sakratuak. XX. mendearen erdialdean, zeremonia aldare nagusiaren oinean egitera pasatu zen, eta bertan, senar-emazteak ezkon-oihalez estaltzen ziren, konpromisoarekin lotutako erritoa. Konpromiso hori akta batean formalizatzen zen, eta apaizak eta lekukoek sinatzen zuten. Elizatik irtetean, senarrei gorazarre egiten zitzaien eta zoriontzen zituzten arroza botaz. Tradizio hori antzinako Asiako zibilizazioetatik dator, eta bere esanahia oparotasunari, emankortasunari eta zorte onari lotuta dago; erlijioaren eta tokiko sineskerien eragina ere badu, arroza garbitzeko eta bedeinkatzeko elementutzat hartzen baitzen. Ospakizunak egun batzuk iraun zitzakeen, familia bakoitzaren ekonomiaren arabera, eta gehienetan etxeetan izaten zen.

Euskal Herrian ezkontza zibilak ez ziren oso ohikoak, baina horien kopuruak gora egin zuen denboraren poderioz. Zeremoniak udaletxean edo epaitegian ospatu zitezkeen, baina ez zuten ezkontza erlijiosoek zuten solemnitaterik.

Ezkontza-kontratuaren hizpaketa garrantzitsuenetako bat ezkonsaria zen. Ezkonsaria kanpotik etortzen zen ezkongaiak egiten zuen ekarpena zen, eta hori ekonomikoa, lurrena edo abereena izan zitekeen. Etxearako diru-iturri zen. Batzuetan, arreoa edo ostilamendua izaten zen dotea, etxe berrira eramaten ziren tresnak, alegia. Senargaiaren kasuan, arreoa arropa, emaztegaiarentzako opariak eta lanabesak edo tresnak izaten ziren. Emakumeen arreoa nerabezarotik hasten ziren prestatzen, eta ohe-arropak eta kutxak osatzen zuten, ezkontza-bizitzarako prestatuz.

Arreoaren lekualdaketa erritual bat zen, ezkontide berria etxean sartzea zekarrena, "etxe-sartzea", eta ezkondu bezperan egiten zen. Horretarako idi-gurdi bat apaintzen zen, non ezin baitziren falta ohe jantziak, kutxak, iruteko gorua eta ispilua. Eztei-gurdiaren uztarria, azkonar edo ardi larruz estalitako metalezko zenbait kanpaitxoz apaintzen zen. Gurdiaren atzean gonbidatuak zihoazen, hainbat opari zeramatzatela, eta guztiak bazkari bat egiten zuten etxean.

Lehenengo ezkontza-argazkiak XIX. mendearen hasierakoak dira. Garaiko istorioen arabera, Victoria erregina eta Alberto printzea izan ziren ezkontza egunean argazki-saio bat izan zuten lehenak. Ezkontzako erretratua duela hamarkada batzuk orokortu zen, gertakari garrantzitsua iraunarazteko. Oro har, atzealde neutroak edo margotuak zituen argazki-estudio baten barruan egiten zen, eta argazki bertikalak izaten ziren, erretratatuek kamerari modu estatikoan begiratzen ziotenak. Denbora luzez zuri-beltzean egin ziren, eta XX. mendearen erdialdean hasi zen kolorea agertzen. Kamera eramangarrien garapenarekin zeremonian edo festan gertatzen zena ere harrapatzeko aukera agertu zen.

Pertsonen bizimoduak eta ohiturak eboluzionatu duten bezala, emaztegaiaren soinekoa ere garai guztietara egokitu da, ehunak, oihalen ebaketak, kolorea, etab eraldatuz. Kolore zuria ez da beti emaztegaiaren soinekoen kolorea izan mendebaldeko herrialdeetan; antzina, zuria dolurako erabiltzen zen, eta ezkontzeko bestelako koloreak erabiltzen ziren.

Victoria erregina, ezkontzako erretratuekin gertatu bezala, aitzindari izan zen emaztegaiaren soinekoari dagokionez. 1840an Alberto Saxoniakoarekin ezkondu zenean, soineko zuria jantzi zuen. Inprentari esker, Europako klase burgesak ezkontza kolore berrira egokitu ziren. Klase ertainetara, berriz, oso berandu iritsi zen; II. Mundu Gerra bukatu arte, ehungintza-enpresaren gorakadaren eta, ondorioz, arroparen merkatzearen ondorioz. jantzi zuriak ez ziren izan ohikoenak.

Hainbat belaunaldietako emaztegaiak beltzez ezkontzen ziren. Tradizio horrek folklorean eta antzinako ohituretan ditu sustraiak, eta, batzuetan, zorte txarraren eta espirituen aurkako babesarekin lotzen da. Hori dela eta, beltzez ezkontzean, emaztegaiek energia negatiboetatik urruntzea eta zoriontasunez betetako batasuna ziurtatzea bilatzen zuten. Eraldaketarekin ere zerikusia izan dezake: hainbat kulturatan kolore beltza heriotza eta berpizkundearen sinboloa da; eta horrela, emaztegaiek sinbolikoki adierazten zuten ezkondu aurreko bizitza atzean uzten zutela. Izan zitekeen ere bigarren ezkontzagatik edo adin berantiarrean ezkontzeagatik ere kolore hori erabiltzea.

ESPLORATU BILDUMAK

Euskal bikotea

Arabako Arte Ederren Museoa

Bikotea

San Telmo Museoa