EU  |  ES  |  EN  |  FR  | 

Museotik Historias

J.B. Delmas eta El Viaje pintoresco de las Provincias Vascongadas

Delmas familiaren inprentak Bilboko eta Bizkaiko argitalpen-jardueraren zutabe garrantzitsuenetako bat izan ziren XIX. mendean zehar. Delmas saga arrakastaz inplikatu zen Bizkaiko hiriburuko bizitza soziokulturalean, eta haren argitalpenei esker, hamarkadaz hamarkada sortutako gertaerak zehaztasun handiz jarraitu ditzakegu.

Familiaren jarduera Nicolás Delmas 1809an Bilbora iritsi zenean hasi zen. Han, liburu-denda bat eta inprenta bat sortu zituen 1816an. I. Karlistaldia lehertu ondoren, Bizkaiko Jaurerriko inprimatzaile izendatu zuten 1834an, eta horrek, ospea emateaz gain, posizio ekonomiko ona ere eman zion. Inprimategian, besteak beste, jaurerritik zetozen xedapenak, Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, Merkataritza Buletina, instrukzioa eta herri-lanak edo Gernikako Batzarren aktak argitaratu ziren.

Bere seme Juan Eustaquio Delmas erudita izan zen, euskal historian, tradizioetan eta kulturan interesa zuena. Kazetari, idazle eta politikaria, garaiko bizitza sozialean parte-hartze aktiboa izan zuen. Bilbon jaio zen 1820an, eta 17 urterekin El Bilbaíno astekarian laguntzen zuen. 1843an, Parisera joan zen zuzenbidea ikastera, eta bide batez, paisaiak marrazten ikasi zuen Jules Coignet-ekin eta litografia Maison Ch. Cochin-en eta Godefroy Engelmann-ekin. Azken horrek, litografiaren teknika sartu zuen Frantzian, eta kromolitografia asmatu zuen. 1845ean, Bilbora itzuli zen, eta aitaren establezimenduan hasi zen lanean.

Parisen ikasitakoari esker, hobekuntzak egin zituen litografian, eta El Viaje pintoresco por las provincias Vascongadas editatzen hasi zen. Urte batzuk geroago, Irurac-bat egunkaria sortu eta argitaratu zuen. 1852an bere aita hil eta bera arduratu zen familiako inprentaz. Hortaz gain, Jaurerriko inprimatzaile-titulua izan zuen, 1884an Miserikordia Etxea sortu zen arte. Une horretatik aurrera, Viuda de Delmas izeneko inprentarekin lehiatu behar izan zen, María de Sagastik, aitaren bigarren emazteak, sortu zuena Eduardo Delmas Sagasti semearekin batera. Garai horretan, era guztietako inprimakiak publikatu zituen, litografiak eta egunkariak argitaratu zituen, eta inguruko eta Madrilgo ikertzaileekin eta bildumagileekin aholkatzen eta lankidetzan aritu zen. Kultura-aldizkarietarako ere idatzi zuen.

1846an, Delmasek El viaje pintoresco por las Provincias Vascongadas lana argitaratu zuen, eta 1864an, Bizkaiko Jaurerriko bidaiariaren gida historiko-deskribatzailea, Bizkaiko monumentu nagusien eta antzinako gauzen litografiekin batera.

Izenburu osoa: "Viaje Pintoresco por las Provincias Vascongadas. Obra destinada a dar a conocer su historia y sus principales vistas, monumentos y antigüedades, etc en láminas litografiadas copiadas del daguerrotipo y del natural por J. D. y acompañadas de texto", inprimatua eta Nicolás Delmasek inprimatua eta argitaratua, Bilbon, 1846an. Lan horretan beste laguntzaile batzuk ere aritu ziren, hala nola Francisco de Hormaeche. Azken hori idazle izateaz gain, hainbat kargu politiko izan zituen: Bizkaiko Jaurerriko gobernu-idazkaria izan zen, Gorteetako diputatua eta Gobernazio Ministerioko funtzionarioa. Luis María de Elejaga kazetari bilbotarrak ere parte hartu zuen. Hormaecheari egozten zaio testu idatziaren zatirik handiena. Bizkaiko lurralde osoan zehar ibili zen bere lagun Loizagarekin, plano topografikoa egin zuena, eta Delmasekin, bukaeran txertatu ziren marrazki eta litografiez arduratu zena. Pablo Bausac grabatzaile arabarrak ere parte hartu zuen.

Hasiera batean, obra Gipuzkoara, Arabara eta baita Nafarroara ere hedatzeko asmoa zegoen, baina ez dakigu zergatik ez zen lurralde horietako ezer argitaratu, ez alde historikokoa, ez deskribatzailea ere.

Bilboko Euskal Museoak hainbat litografia gordetzen ditu, eta horietako asko eskuz argiztatuta daude, lan hori ilustratzeko.

El Viaje Pintoresco por las Provincias Vascongadas Bilboko aro erromantikoko argitalpen berezienetako bat da. Delmas jakingura handia zuen gizona izan zen, eta oso ondo ezagutzen zituen Europako hirietako ohiturak eta gustuak. Ziurrenik horregatik konturatu zen Bizkaiak bidaiarientzako eskuliburu bat behar zuela, lurraren alderdi interesgarriak jasotzeko, gutxiengo ilustratuen gustuko bidaia-liburuen moda literarioari jarraikiz. Agian horregatik sortu zen Bizkaiko Jaurerriko bidaiariaren gida historiko-deskribatzailea. Lan honek begirada zuzena eskaintzen du Isabel II.aren garaiko azken urteetako Bizkaiara, eta bertako kontakizunak oso baliagarriak izan dira garai hartako ohiturak, herrien izaera eta bizimoduak ezagutzeko eta ulertzeko.

Delmas Bizkaiko Monumentuen Batzordeko lehendakariordea izan zen, eta lan hauekin bere garaiko lekukotasun baliotsua utzi nahi izan zuen etorkizunerako, baina baita lurraldeko ondare kulturala erakutsi eta babesteko ere.

Argitalpen instituzional eta monografikoez gain, delmastarrek oso harreman estua zuten Bilboko kazetaritza-jarduerarekin. El compilador vizcaíno (1833), El Vascongado egunkaria (1840) eta Irurac-bat (1850) egunakariak sortu eta inprimatu zituzten. Izan ere, Irurac-bat egunkaria Juan Eustaquio Delmasek sortu zuen, eta eztabaida politiko eta kulturalerako organo gisa eragin handia izan zuen. 1852an, Boletín de Comercio Político y Marítimo, eta 1853an, El Avisador egunkariak ere argitaratu zituen, eta El Correo Vascongado, Revista de Vizcaya eta Euskal Erria hedabideetan ere parte hartu zuen.

Juan Eustaquio Delmas Madrilen hil zen 1892ko urriaren 25ean, eta ezin izan zuen garai hartan lan egiten zuen obra handinahia amaitu: Bizkaiko Gizon Argien Biografia Unibertsala, non berak ere ohorezko tokia duen.

Bilboko Euskal Museoak Juan Eustaquio Delmasen erretratu bat gordetzen du, "Bizkaiko Ospetsuen Galerian". Bilduma hori, hasiera batean, pertsonaia ospetsu eta nabarmenen 239 olio-erretratuk osatzen zuten. Pertsonaia horiek XIX. mendeko azken urteetako eta XX. mendeko lehen erdialdeko ? eta, bereziki, Bilboko hiribilduko ? jardueraren eta eguneroko bizitzaren askotariko esparruetan nabarmendu ziren. Galeria 1950 inguruan sortu zen, José Antonio eta Luis de Lerchundi eta Sirotich anaien eskutik. Neba horiek etorkizuneko memoriarako beren iragan hurbilena babestu nahi izan zuten, garai hartan nabarmendutako gizon eta emakumeen irudien bitartez.

Istorio honetan agertzen diren obrak honako museo hauetakoak dira: