Museotik Historias
Santo Tomas azoka
Euskal Herriko hainbat herrik San Tomas azoka ospatzen dute abenduaren 21ean; eta bertako kaleak barazkiak, frutak, gaztak edo hestebeteak erosteko azoka bihurtzen dira Gabonetako jaien bezperan. Tradizioak, herri kirolak, bertsolariak eta talo, txistorra, sagardo edo txakolin dastatzeak dira nagusi.
Agian, San Tomaseko azokarik ezagunenak Bilbokoak eta Donostiakoak dira, XIX. mendekoak. Baserritarrak eta nekazariak hirira joaten ziren lurren edo baserrien jabeei urteko errenta ordaintzera. Ordainketa San Martin eta Gabonen artean egin behar zen, eta San Tomas eguna aukeratu zen, Eguberrietatik gertuen zegoen eguna zelako. Hortik dator "San Tomas eguna, errenta eguna" esaera. Errenten ordainketa eskudirutan edo gauzatan egin zitekeen urteko uztaren ehuneko baten gainean, eta, horrez gain, etxeko hegaztiak izan ohi ziren zenbait oparirekin batera. Baserritarrek hiriburura egiten zuten bisita aprobetxatzen zuten herrietan ez zeuden produktuez hornitzeko eta baserriko produkturik onenak saltzeko. Hala, azoka bat egiteko beharra sortu zen: San Tomas.
Denboraren poderioz, errentak ordaintzeari utzi zioten baserriak erosi edo desagertzen joan zirelako; garraioak ere hobera egin zuen, eta, ondorioz, azoka ez zen gehiago beharrezkoa. Baina baserritarrek leial jarraitu zioten San Tomas egunean hiriburura joateko ohiturari, eta Gabonen atarian merkatua egun ezagutzen dugun bezala mantendu zuten.
Bilbon, San Tomas XIX. mendetik ospatzen da San Anton zubiaren ondoan. 1915ean Félix Garci-Arcéluzek Plaza Barriko egungo kokapenera aldatzea bultzatu zuen, 1992az geroztik Manuel Basterra eskultoreak Plaza Barriaren sarreran egindako plaka batek gogoratzen digun bezala. 1945az geroztik, Bizkaiko Aurrezki Kutxak antolatzen du merkatua, eta espazioa Areatzaraino luzatzen da. Horrez gain, ekoizle onenei sariak ematen zaizkie urtero, eta omenaldia egiten zaie tokiko nekazaritza eta gastronomia sustatzen lan egiten dutenei.
Donostian Konstituzio Plazan egiten da azoka hasieratik, eta gaur egun hiriko txoko guztietara zabaltzen da. Betidanik izan dira protagonista taloa eta txistorra. Taloa, arto-opila, baserritarrentzat garia ez den eguneroko janaria zen; txistorra txerri-haragiz egindako hestebete bat da, baratxuriz, gatzez, piperrautsez ondua, talo barruan dastatuta kutixi bihurtzen dena. Txerria izan da neguko dietan haragiaren ekarpen nagusia, eta tradizioz urte osoan gizentzen zen baserrian, San Martingo hilketara arte. Horrekin lotuta, txerri baten zozketak egiten dira, ongintzako erakundeek antolatuak, beren babestuentzat dirua biltzeko.
1351n, Pedro I.a Krudelak Gaztelako erregeak "Santamasak" izeneko azoka baimendu zuen, Arrasaten egiten zena, non merkatariak eta abere tratulariak elkartzen ziren kokapen estrategiko batean Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako lurraldeen bihotzean. 1727 arte Mietxerreka auzoko San Valerio baselizaren inguruan ospatzen zen, bere burdin meategiekin Arrasateko ekonomiaren erdigunea izan zena. Ondoren, merkatua herriaren erdigunera lekualdatu zen, bi pertsona labankadaz hil ostean, liskar batean, jaietako gehiegikerien ondorioz. Azoka abenduaren 21etik 23ra egiten zen eta Gabonen bezperan jende asko biltzen zen.
ESPLORATU BILDUMAK
Baserritarrak
Arte Ederren Bilboko Museoa
Nº 9 Oyarzun: De vuelta al mercado.
Bilboko Euskal Museoa
Emakumeak baratze ondoan
San Telmo Museoa