EU  |  ES  |  EN  |  FR  | 

Museotik Istoriak

Emakumeak eta itsasoa

Euskal museoek gordetzen dituzten bildumen bitartez, urteetan zehar emakumeek ekonomia, gizarte- eta familia-garapenean izan zuten garrantzi eta zeregina plazaratu daiteke. Hainbat lan aurki ditzakegu, non artistek emakumeen eguneroko bizitza islatu zuten.

Emakumeek itsasoari lotutako jardueretan izan ohi baino parte-hartze handiagoa izan dute; sareak edo aparailuak konpontzen edo arraina saltzen egiten duten lanetik harago, hain ezagunak ez diren beste lan batzuk egin dituzte, hala nola itsasontziak eta tripulazioak kudeatzea edo armadore gisa jardutea.

Hala ere, eta zalantzarik gabe, arraina saltzea izan zen nabarmenenen edo ezagunenetako bat. Arraina itsasontzietan portura iristen zenean, emakumeak hura biltzeaz arduratzen ziren, ondoren merkaturatzeko.

Arabako Arte Ederren Museoan Ignacio Díaz de Olanoren pintura bat dago, eta bertan hiru emakume agertzen dira arrantzaleak Mutrikuko portura itzultzeko zain. Horiekin batera, arraina garraiatzeko erabiltzen zituzten saski handiak.

Díaz Olano, Ignacio, 1930-1934 aldera
Txalupen zain

Arabako Arte Ederren Museoa

Salazar Echevarría, Clemente. XX. Mendearen lehen erdi
Algortako Portu Zaharra

Itsasmuseum Bilbao

Saldu beharreko produktuaren ezaugarriak direla eta, beharrezkoa zen hori modu arin eta dinamikoan banatzea. Hor aritzen dira itsasoaren munduari lotutako emakume ezagunenetariakoak, sardina-saltzaileak.

Dario de Regoyosek, 1897an, 15 litografiako album bat egin zuen euskal eguneroko bizimoduaren eszenei buruz. Bertan, hainbat sardina-saltzaile irudikatzen ditu, beren arrain-saskiekin, Hondarribiko kaleetan barrena. Emakume horiek beren lana optimizatzeko trebetasun estrategikoak zituzten: tratua eta pikardia erabiltzen zituzten prezio onena lortzeko, bai generoa erostean, bai ondoren bezeroari saltzean.

Regoyos y Valdés, Darío de - circa 1970
Sardineras. Fuenterrabia

Bilboko Euskal Museoa

Larroque, Ángel. XX. Mendearen lehen erdi
Sardina saltzailea

Arabako Arte Ederren Museoa

Beste oihal honetan, arrainaren saskia buruan daraman emakume bat ageri da. Agian bere semea izango den haur batek lagunduko dio.

Eta hurrengo margolanak arrantzale bikote bat irudikatzen du Bizkaiko Laga hondartzako paisaiaren aurrean. Gizona kaikuz eta txapelaz jantzita, emakume gazte bat ageri da, profilekoa eta buruan arrain-saski bereizgarria duena.

Cabanas Oteiza, Ángel, 1920 Aldera
Arrantzaleak

Arabako Arte Ederren Museoa

Itsasoarekin lotuta eta emakumeek egin ohi zuten beste ofizioetako batzuk ziren batelariena eta zirgariena. Batelariek, beraien ontzietan karga desberdinak eramaten zituzten eta itsasontziei portuan sartzen laguntzen zieten. Normalean, hiru emakumek gidatzen zituzten. Pasaiakoak oso ezagunak izan ziren, eta soldaduen garraioan edo munizioan ere parte hartu zuten Independentzia Gerran.

Zirgarien lana oso gogorra zen: beraien indar fisikoa erabiltzen zuten eta soka batez baliatuz itsasontziak atoian eramaten zituzten. Emakumeak arduratzen ziren lan horretaz, idiak baino merkeagoak zirelako.

Arraina gazitu eta kontserbatzeko artisau-lanak ere emakumeen eremukoak ziren. Kontserba-enpresen hedapenak XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, arrantza-herrien gizarte-egoera hobetzen lagundu zuen, arrantzaleen emakume eta alabentzako lan-eskaintza handitu baitzen. Ignacio Díaz de Olanok itxura sendoa duen emakume bat erretratatu zuen sardina- eta gatz-saskiez inguratuta, gazitze-fabrika batean; atzealdean, beste emakume batzuek kontserba-lan berberean.

Díaz Ruiz de Olano, Ignacio - 1930-1934 aldera
Gazitze fabrika edo Sardina saltzailea

Arabako Arte Ederren Museoa

Itsas Museoko XX. Mende erdialdeko beste argazki honetan ere emakumeak ikus daitezke, gatzunetan antxoak prestatzen, Donostiako portuko arrantzale-etxeen arkupetan.

Eta kontserberetako lanak familia askoren egoera ekonomikoa nolabait arintzen lagundu zuen arren, Inocencio García Asartaren La Escabechería margolanak fabrikako lan-baldintza gogorrak eta amatasuna bateratzeko esfortzua erakusten du. Arraina eskabetxatzeko fabrika baten sei emakume lanean ari dira, zazpigarren batek, berriz, geldialdi bat egin eta haurrari bularra ematen dion bitartean. Azpimarratzekoa da jarreren naturaltasuna, eta artelanaren bitartez nabari daitekeen fabrikako hezetasun- eta krestre-giroa.

García Asarta, Inocencio - c. 1903
Eskabetxeria

Bilboko Arte Ederren Museoa

Koch Arruti, Sigfido, c. 1977
Saregileak

San Telmo Museoa

Eta ezin ditugu ahaztu saregileak, belaunaldiz belaunaldi transmititzen zen lanbidea. Itsasontzietako arrantza-aparailuak zaharberritzen zituzten, bai eta sare berriak egin ere.

San Telmo Museoak gordetzen duen Sigfido Koch Arrutiren argazki honetan emakume talde bat azaltzen da, konpontzen ari diren sareen gainean eserita.

Argi dago emakumeek itsas ekonomian izan duten zeregina oso garrantzitsua izan dela, baina, obren hautaketa honetan islatzen den bezala, beren lana ikusaraztea eta aintzatestea lanbide gutxi batzuetara mugatu da.

Hala jasotzen da Itsas Museoaren 2016ko argitalpen batean:

"Duela gutxi arte itsas ikerketarako perspektiba androzentriko nagusiak bigarren planora baztertu ditu emakumeak, beren eginkizunak gizonek betetzen zituzten lanekiko osagarri huts edo kolaborazio gisa bereiziz.

Emakumeen lana funtsezkoa izan da portuetan eta arrantzan. Portuetan batelari, zirgari eta kargaketari lana destajuan egiteaz gain, komunitate itsastarretan emakumeek lan ezberdinak egiten zituzten: marisko lana, arrantzako arteen mantenua, arrainaren deskarga, enkantea eta salmenta, kontserba fabriketako eskulana, etab. Lan hauei etxea, familia eta etxeko ekonomiaren zaintza batzen zitzaien".

ESPLORATU BILDUMAK

Txalupen zain

Arabako Arte Ederren Museoa

Sardinera

Arabako Arte Ederren Museoa

Algortako portu zaharra

Itsasmuseum Bilbao