EU  |  ES  |  EN  |  FR  | 

Museotik Istoriak

Gerraren hondamendiak

II. Errepublikako gobernuaren aurkako estatu-kolpearen ondoren, hiru urteko gerra hasi zen. Iparraldean, segituan, Nafarroa eta Araba tropa frankisten mende geratu ziren; Gipuzkoa eta Bizkaia, berriz, gobernu errepublikanoaren alde mantendu ziren.

Soldaduek aurrera egin zuten Nafarroatik Gipuzkoarantz, Bidasoako haranean barrena, mugako postuak hartzeko, hala nola Irun. 36ko irailean iritsi ziren Gipuzkoako mendebaldera eta Karate, Arrate, Kalamua, Akondia eta Intxortako gailurretara, eta haien hegalean ezarri zen errepublikaren aldeko defentsa-lerroa. Horrela, zazpi hilabetez, frontea Deba haranean geratu zen, Eibar eta Elgetako ateetan. Dena den, etengabeko liskarrak izan ziren bi taldeen artean, eta alemaniarren eta italiarren hegazkinek biztanleria zibila gogor zigortu zuten. Urriaren 7an, frontea egonkortu zen hilabete horietan, lehen lehendakaria, José Antonio Agirre, izendatu zuten Gernikan okupatu gabeko euskal udalerrietako alkateek, gerra zela-eta hauteskundeak egitea ezinezkoa zelako.

1937ko udaberrian, Madril hartzea ezinezkoa izan zitzaienez, kolpistek Ipar Frontea aktibatu eta Kantauri aldea hartzera ekin zioten. 1937ko martxoaren 31ko goizean, Italiako hegazkinek infernu bat piztu zuten Durangon, tona-lehergai jaurtiz herritarren gainean. Lehenengo erasoa eliza eta merkatuaren aurka izan zen, biztanle zibil gehienak bertan biltzen zirenean. Bigarrena arratsaldean gertatu zen, bizilagunek italiarren hegazkinak joanda zirela uste zutenean eta beren babeslekuetatik atera zirenean hildakoak eta zaurituak hondakinen artean bilatu era erreskatatzeko. Orduan, metrailatu zituzten Kondor legioko hegazkin alemaniarren laguntzaz italiarren sestra-hegaldiek. Apirilaren 2an eta 4an, berriz ere bonbardatu zuten Durango.

Apirilaren 21ean, Aramaio eta Otxandiotik igota, tropa faxistak, frontea haustea lortu zuten. Hurrengo egunetan Elgeta erori zen. Apirilaren 24an, agintariek Eibar ebakuatu zuten, jasaten ari ziren bonbardaketen ondorioz. Azkenean, hilaren 25ean, Italiako hegazkinek hiri armagilea ere suntsitu zuten. Hurrengo egunean bonbardatu zuten Gernika.

Esan daiteke, urte batzuk geroago, Hirugarren Reichean, Europak jasan zituen bonbardaketak Durangon probatu zituztela, eta egun batzuk geroago Gernikan gertatuko zenaren bezpera izan zirela.

1937ko apirilaren 26a astelehena zen, eta, hain zuzen ere, astelehenak izaten ziren Gernikako azoka-eguna. Horrela, azoka-eguna izanda, herria inguruko biztanlez beteta zegoen, elikagaiez hornitzera eta ekoizten zituztenekin salerostera joaten zirenak. Bilboko gudua momenturik gorenean zegoen, eta Gernikako hiribilduak aireko eraso bortitza jasan zuen, Condor legioaren hegazkinetatik jaurti ziren bonba lehergarri, su-emaile eta metrailadore-boladakak biztanleria zibilaren aurka. Udalerri hau metodikoki suntsitutako Europako lehen herria izan zen, beste herri batzuetan II. Mundu Gerran errepikatuko zen taktika gisa.

Historialari batzuen ustetan, hiria kokapen estrategikoagatik aukeratu zuten; beste batzuentzat berriz, ez zutelako defentsa antiaereorik eta Alemaniako hegazkinek herri zibilen gaineko bonbardaketak probatzeko baldintzak betetzen zituztelako. Edo, agian, euskaldunen askatasunarentzako zuen balio sinbolikoagatik...

Aurelio Artetak erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzaren enkargu bat jaso zuen 1937an, gerraren krudeltasuna eta biztanleria zibilak jasandako sarraskiak irudikatuko zituen obra bat egiteko. Horrela, konposizio monumentala duen Gerrako Triptikoa artelana margotu zuen Artetak, Gernikako bonbardaketan inspiratuta egon daitekeena. Ezkerreko horma-atalean (El Frente) gizon gazte bat ageri da, fusila daramala soinean. Tiroz hildako taldekideez inguratuta, saminez begiratzen ditu inguruan hegaldatzen ari diren gerra-hegazkinak. Erdiko taulak ez dio erreferentzia zuzenik egiten gerrari, baina portuko txalupetan frontera abiatu behar diren gazte talde baten agurra irudikatzen du. Eta eskuineko panelean (Retaguardia) emakume baten eta haren semearen gorpuzkinak irudikatzen dira, bonbardaketek eragindako suntsiketa modurik gordinenean erakutsiz. Obra 1937ko Parisko Nazioarteko Erakusketaren Espainiako pabiloian erakusteko proposatu zuten, Picassoko Gernika-ren ordez.

Agustin Ibarrolak zurezko grabatu ugari sortu zituen 60ko hamarkadaren erdialdean, Picassoren Gernikaren motiboetan inspiratuta, eta horiekin berrinterpretatu zituen lan horren ikonografia bereizgarrienak. Ibarrolak hainbestetan adierazi zituen Bizkaiko herria suntsitu izanaren sinboloa den XX. mendeko pintura ikoniko horrengatik miresmena eta Gernikan erakusteko nahia.

1977an, olioz margotutako hamar oihalez osatutako pintura monumentala egin zuen. Oihal horiek Picassoren pinturari omenaldia egiten zioten, Ibarrolaren sorkuntza-unibertsoaren berezko elementuekin batera. Elementu horiek diktadurako zapalkuntza-giroaren eta askatasunen aldarrikapenaren salaketa irudikatzen zuten. Mural handi hori artistaren estudioan egon zen Kortezubin, eta Arte Ederren Bilboko Museoak erosi zuen 2021ean.

ESPLORATU BILDUMAK

Gerraren albuma. Durango

San Telmo Museoa

Durangoko hiribilduaren bonbardaketa

Euskal Abertzaletasunaren Museoa