Koloretan inprimatutako bi oroigarri, euskal grafia eta sinbologia dituztenak. Luis Colasen 1923ko La Tombe Basque argitalpenean ideia hartuta eginda daude. 1- Bilboko Euzko Ikastola Batzak o ikasleen lehen jaunartzea, Begoñako basilikan egindakoa 1934ko apirilaren 15ean. Idazkun hau du: gainaldean, "Jorrailaren 15¿kn / Begoñako Amaren Txa- / donan Lenen- / goz Jaunar - / tu eben / Euzko Ikastola Batza'ren / ikasliak 1934'gko"; eta azpialdean, "ni naiz goitik jatsi / nazan ogi bixija: / ogi au jango dau. / na betiko bixiko / da (Joann. VI, 51, 52). Irudiztatzeko Begoñako Andre Maria dago eta Bizitzaren zuhaitzaren siluetan, gainaldean; eta Artzain Onaren irudia zaintzako siluetan baten erdian, azpialdean. 2- Jone, edo Josu Miren, Barron Ezpeletaren lehen jaunartzea, Begoñako basilikan egindakoa 1933ko apirilaren 23an. Idazkun hau du: gainaldean, "Emo- /guzu / gaur / be geure / tzako ogi / egunokua"; eta azpialdean, Jorraila / ren 23 / gn Be /goña' / ko ama / ren Tx- / adona- / n Len / engoz / Jaunar / tu eben / Barron / eta / Ezpeleta'tar / Jone / Euzko / Ikastola Bat / za'ren Ikastiak / 1933'gko". Irudiztatzeko, hilarri bat dago gainaldean eta hilobietako harri bat azpialdean. Oroigarri hauek Errotatxueta Ikastolako lehen mailako ikasleenak dira. Errotatxueta Ikastola 1933ko urtarrilaren 15ean inauguratua izan zen, Bilboko On Diego Lopez Harokoaren Kale Nagusian zegoen eta Euzko Ikastola Batzakoa zen, 1932an sortutako ikastolen federazioa. Helburua zuen berritze pedagogikoa sustatzea, irakaskuntza euskalduntzeko programa bat ezartzearen bidez. Federazioa azkar zabaldu zen, eta urte gutxiren buruan Bilboko hirigune handi ia guztietara iritsi zen. Bilbon ez ezik, Durangon, Zornotzan, Algortan, Barakaldon, Elorrion, Galdakaon, Gernikan, Ondarretan, Portugaleten, Trapagaranen eta Sondikan ere zabaldu ziren ikastolak. Bergaran ikastola atxiki bat aritu zen lanean. 1935-1936ko ikasturtean, ikastola horietan aritzen ziren ikasleen kopurua 1.200 ingurukoa zen, eta gehienak jatorriz euskaldunak ziren.