Metalezko platertxo angeluzuzena, ertzeko ahoa duena; hondoan irudi femeninoa ageri da, Bodegas Bilbainasko publizitatea duen ardo botila baten gainean eta erliebean zutik dagoen irudia, alegia. Dohaintza emailearen aitarena izan zen, Jesús Aurrekoetxea Palaciorena hain zuzen (Villaverde Turtzioz 1900-10-18 / Bilbo 1976-01-08); lanbidez merkataritzako peritua izan zen eta 50 urtez lan egin zuen Bodegas Bilbainasko Bilboko Bulegoan, bertan 1918ko ekainaren 24an lanean hasi zenetik. Villaverdeko Manuela Elosua Arnaizekin ezkondu zen. Lau seme-alaba izan zituzten: Josune, Imanol, Pablo eta Mª Pilar. Begoñan bizi izan zen Iru-etxean eta geroago Zumalakarregi kaleko 11. zenbakiko 2.ean. Bodegas Bilbaínas S.A. enpresa 1901ean sortu zuten Santiago Ugartek eta Jose Angel Aurrekoetxeak. Sozietatea Bilbon eratu zuten, lau milioi pezetako kapitala zuela hasieran, eta Nerbioi ibaiaren itsasadarreko kapitalista garrantzitsuenek osatu zuten. Lehen batean, Bodegas Bilbaínas ardoaren negozioan aritu zen, baina baita olioarenean ere, eta instalazioak Haron eta Bilbon zituen, Iparraldeko geltokiaren ondoan. 1925ean, Errege Etxearen eta Ondarearen Hornitzaile titulua lortu zuen. Merkataritzari zegokionez gailurrean zegoen unean, Espainian 17 upategi edo botilaratzeko planta izatera heldu zen. 30eko hamarkadan, gainera, Bilbaínas London ltd. eratu zuten, Charing Crosseko geltokian zegoen botilaratze planta.