Partida bat jokatzen Ategorrietako Jai Alai frontoian, Donostian. 1887an inauguratua, esparru irekia zen. Aulkientzako bost harmaila zituen, eta haien gainean burdinurtuzko zutabeen bidez sostengatutako bi solairu altxatzen ziren, bata palkoentzat, uhin formako barandarekin, eta bestea harmailentzat. Egitura hau, hain zuzen, eskuinean ikusten da, harmailak jendez beteta daudela. Ikusle gehienak gizonezkoak dira, eta askok kanotierra jantzita daramate. Atzealdean, harmailen eta frontisaren artean zegoen estilo neoklasikoko ate monumentala ikus dezakegu. Frontoia 1932an itxi zen.