Koloreetan litografiatutako kartela. Bertan, hondoan paisaia berde bat dagoela, eraikin handi bat ikusten da (Bilboko Olabarri jauregiaren birsortzea), eta haren inguruan zenbait mutiko dabiltza jolasten, irakurtzen... Goiko eta beheko aldean testu hauek daude: "Asistencia Social" eta "Permanencias Infantiles labrará el hombre de mañana".
Lehen Eusko Jaurlaritzako Gizarte Laguntzako Sailak propaganda egiteko editatutako kartela da. Sail horren burua Juan Gracia sozialista zen. Hain zuzen, Haurren Egonaldiaren publizitatea egiteko zen, 1936ko azaroaren 4ko aginduaren bidez sortutako zerbitzua (1936ko azaroaren 7ko EHAAn kaleratutakoa). Helburua zen 14 urtetik beherako neska-mutikoen beharrei erantzutea, errefuxiatu politikoen seme-alabei, 36ko gerraren ondorioz ugari baitziren Bizkaian (bereziki Bilbon). Xede horretarako sortutako zentroetan, neska-mutikoak goizeko bederatzietatik arratsaldeko zazpiak arte edukitzen zituzten. Irakasleak arduratzen ziren eskolako lanak, jolasak, bazkaria eta askaria zuzendu eta antolatzeaz. Aipatutako agindu horren kariaz, 1937ko urtarril eta otsailean, zenbait eraikin konfiskatu zituzten Bilbon Campo Volantinen (17., 18., 32. eta 41. zk.), Unibertsitate Etorbidean (16. zk.), Zabalbiden (68. zk.), San Agustinen (2., 3. eta 4. zk.) eta Federico Moyua plazan (4. zk.). Haietako bat Olabarri familiaren finka eta egoitza izan zen (Campo Volantineko 41. zk.), kartelean erreproduzituta dagoen eraikina. Bere eginkizun berrirako berregituratu zuten, 150 ohe, zenbait jantoki, egongela, bisitetarako areto eta ikasteko areto prestatuta, medikuaren bulegoa eta bonbardaketetarako babeslekua, gero eta maizagoak baitziren. Olabarri jauregia Julian Zubizarreta arkitektoak eginarazi zuen, 1890 eta 1894 artean, Jose Maria Olabarri Massino eta Angelita Chavarri bertan bizitzeko.
Boletín Oficial del País Vasco , Nº 1936030 de 07/11/1936. 1936.
Boletín Oficial del País Vasco , Nº 120 de 05/02/1937. 1937.
Arrien, Gregorio; . El primer exilio de los vascos: Cataluña 1936-1939. Barcelona, Fundación Ramón Trias Fargas; Fundación Sabino Arana Kultur Elkargoa, 2002.